Bizitzak beti ematen dizkizu bi aukera: erosoa eta zaila

Ondo baino hobeto frogatu dugu negoziatzeko dugun gaitasuna, eta akordioak egin ditugu alderdi gehienekin, herritarrentzat, Durangorentzat, onuragarria iruditu zaigun guztietan.

Oraingoan ere, udal hauteskundeak izan ondoren –udaleko ezer gutxi izan arren–, EAJ-PNVk gehiengorik gabe egin behar zion aurre legegintzaldiari. Guk bi aukera genituen: Pilar alkate izateko proposatu, bi boto atera, eta oposizioan gelditu. Edo negoziatu, egonkortasun pixka bat lortu nahian, eta gobernuan sartu, herritarren beharrizanetan oinarritutako akordio batekin, horrela, adibidez, enplegu planak eta udalerriko langabetuak zuzenean kontratatzeko laguntzak barnean hartuz; ekintzailetzarako laguntzak emanez, jarduera ekonomiko berriak abiaraztea erraztuz eta negozioak zabaltzeko burokrazia gutxituz; autonomoentzako, merkataritzarako eta ostalaritzarako laguntza planak sortuz, gure herriko ekonomiaren funtsa direlako; alokairuko etxebizitzak sustatuz, kaleratzeen aurka egiten ari garen borrokarekin jarraitzeko...

Hori guztia ez da berria, akordio zehatzak egin ditugu proiektuak abian jarri ahal izateko, eta orain kudeatzeko aukera eta erronka ditugu aurrean.

Politikari ezagun batek zioenez, "bizitzak beti ematen dizkizu bi aukera: erosoa eta zaila. Hautatzerakoan, aukeratu beti zaila, horrela ziur jakingo baituzu ez duela erosotasunak hautua egin zure ordez". Edo, bestela esanda, lagun zerbitzari batek oraintsu azaldu zigunez, "askoz ere eroso edo errazagoa da arrautzopila nola dagoen eginda kritikatzea, lanean hastea eta arrautzopila egitea baino". Bistan da hautu zailenaren alde egin dugula.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!