Aste Santuak santutik gutxi

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Agorria (PSE-EE) 2015ko api. 10a, 08:30

Opor-egunak izan ditugu denok, hala sinestunek nola sinesgabeek. Batzuek hondartzan edo mendian hartu dute atseden, edo bisita egin diete lagunei eta familiakoei. Beste batzuk kalera atera dira prozesioetan. Aste Santu guztietan bezala, kaleak jende-uholdez bete dira, fedeak edo ohiturek horretara bultzatuta. Kristoek eta birjinek, penitenteek eta erostariek, argizariak eta erruak mukuru bete dituzte kaleak… Eta hedabideek jendarte kontserbadore, fededun eta patriarkal bat erakutsi digute berriz.


 Baina Aste Santu hau aste tragikoa izan da erabat. Genero-indarkeriak 8 biktima utzi ditu: 7 hildako eta 1 ospitaleratuta. Ezin gara beste alde batera begira jarri; aurre egin behar diogu terrorismo matxistari.

Terrorismo matxistak biktimak hiltzen zituen bitartean, Guardia Zibilak iragarki bat argitaratu zuen Twi-
tter kontuan, eta parekatu egin zituen emakumeen aurkako indarkeria matxista eta gizonen aurkako indarkeria. Txio hori argitaratu duenak ez daki zer den genero-indarkeria, ezta hurrik eman ere. Zer-nolako prestakuntza du txio hori idatzi duenak? Zer-nolako sentsibilitatea?

Argi dago premiazko neurriak hartu behar ditugula, eta askoz ere heziketa, prestakuntza eta sentsibilizazio gehiago behar dela. Jendarte honek aurrera egin behar du, ohiturak eta patriarkatua atzean utzita.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!