Hogei urte hauetan, istripu ugari izan dira, eta aldarrikapen politikoak eta Ertzaintzaren txostenak ere bai. Bitartean, adabaki txikiak jarri dira arazoa konpondu nahian (abiadura-mugak, radarrak eta abar). Gastu txikia egin nahi izan da, eta ez da ezertan konpondu biribilgunearen diseinu kaskarrak sortzen duen arriskua.
Ez dugu “hobetzeko lanak” geldiarazteko eskatzen; aitzitik, lehenbailehen hasteko eskatzen dugu. Ez dugu proiektu bat baztertzeko eskatzen, gure ekarpenak kontuan hartzeko baizik ez dugu eskatzen. Biribilgunetik Gasteiz bidea kalera doan sarbidea uzteko eskatzen dugu. Biztanle gutxiko kalea da hori, behar bezala urbanizatuta eta prestatuta dago gaur egun jasotzen duen zirkulazioa onartzeko, eta ezinbesteko sarbidea da gure udalerrian.
Hogei urte igarota, Aldundiak proiektu bat prestatu, argitaratu eta adjudikatu du, gaizki eginda zegoena berriz egiteko. Informaziorik eman gabe, eta udaletik bertatik egin ditugun ekarpenak aintzat hartu gabe. Bere errepideko puntu beltz bat kendu, eta gure udalerrira ekarri du. Administrazioek elkarlanean jardun behar dute ezinbestez. Baina nola ez dira biltzen alderdi beraren esku dauden bi administrazio? Zer dela-eta ez dute erantzukizuna beren gain hartzen?