Bitartean, salaketa jarrita zuten eta hil dituzten emakumeen kopuruak gorantz egiten jarraitzen du. Aurten, orain arte, %31,8 egin du gora, eta salaketa kendu duten emakumeen kopurua ere %45 handitu da. Arrazoiak argi eta garbi daude: aurrekontuko murrizketak, eta Gobernuak genero-indarkeriari aurre egiteko duen prestasun eta konpromiso eza. Aski izan da Rajoyren gobernua hiru urtez aritzea Genero Indarkeriaren Aurkako Legea letra hila izateko. 2011tik, atzera egin da izurri sozial honen aurkako borrokan, eta, hortaz, arazoa larriagotu egin da. Bestalde, EAJk irizpiderik gabe ezabatu zituen sozialisten bi ekimen: hezkuntza- eta kontzientziazio-programa bat, indarkeria matxistaren biktimak ikastetxeetara eramaten zituena beren bizipenak azaltzera. Eta leihatila bakarra, biktimei laguntza arina, zuzena eta espezializatua emateko, laguntza zuzena jasotzeko sailez sail noraezean ibili behar izan gabe. Bi gobernuek alde batera utzi dituzte zegozkien eginkizunak, eta beren eredu sexual, sozial, ekonomiko eta politikoei eman diete lehentasuna, krisialdi ekonomikoa dagoenean indarkeria matxistari aurre egiteko baliabideak indartu behar direla jakin arren.