Aditu askoren iritziz, hobe litzateke baliabideak Afrikara bidaltzea, pertsona horiei eta beste askori tratamendua emateko, eta kaltetutako herrialdeetan bitartekoak metatzea; alde batetik, elkartasunagatik, eta, bestetik, eraginkortasunagatik, gaitzari sorburuan egin behar baitzaio aurre. Noren eskuetan gaude?
Kezka areago handitu zait José Luis Bilbaoren esanak entzutean. Betiko harropuzkeriaz esan die jatorria frogatu gabe ordainketak billete sortekin egiten zituztenei eta diru kopuru handiak paradisu fiskaletan zituzten horiei –haien izenak ez baitira argitara eman– ondotxo dakitela nor diren, eta lasai egoteko, berari dagokionez, behintzat, sekula ez baitu oroitzapenik idatziko. Beldurrez nago ahaldun nagusiak estalitako delitu nabarmen hori ikusita.
Bestalde, ikaratuta eta haserre-haserre eginda nago, jakin baitut zuzendari ustel batzuek milioika euro xahutu dituztela beren txartel beltzekin. Eta, nonbait, hori aski izan ez, eta Blesak lotsagabekeria handiz eskatu du Caja Madrideko erantzukizun zibileko aseguruak ordain dezala bermea –abokatuak ordaindu dizkion horrexek–.
Ziur nago aurki tratamendu bat izango dugula ebolari aurre egiteko. Alabaina, ez dut argi sendagairik lortuko ote dugun trakestasun eta ustelkeriazko pandemia hau arintzeko. Lortuko ahal dugu!