Osasun sailburuak geroago eman zituen azalpenek askoz amorru handiagoa eman zidaten: “kasu zehatzbat zela, oso zorigaiztokoa, gaixotasun arrunt bat larriki okertu zelako”. Medikuari bota zion erru osoa, bere ustez ez zuelako gaixotasun arrunt horren larritasuna behar bezala balioetsi, eta zigor-espediente bat zabalduko ziola agindu zuen. Azpijoko zital bat iruditu zitzaidan, arazoa arin garbitzeko egina.
Ez dakit zuek larrialdietako langileren bat ezagutzen duzuen, baina ziur nago bertan izan zaretela noiz edo behin. Kasu larriak artatu behar dituzte ia egunero, eta izugarrizko erantzukizuna hartu behar dute beren gain. Zail egiten zait haien larruan jartzea.
Haiek ez dira kudeatzaileak, osasun-zerbitzuak dituen gastuak besterik ez ikusteko. Era berean, haiek ez dituzte idazten osasun zentroetan bete beharreko jarduteko protokoloak. Medikuak besterik ez dira; pertsonak aztertu eta artatu behar dituzte, eta erantzukizuna hartu behar dute beren gain, bulegoetan eroso eserita dauden horiek gainetik kendutako erantzukizun bera.
Durangaldean denbora luzea eman dugu larrialdi zerbitzuan falta den erizaina eta medikalizatutako anbulantzia eskatzen. Izan ere, anbulantziarik hurbilena, barneko eskualde osoan dagoen bakarra, Gernikan dago, hau da, oso urruti, Durangaldeko larrialdiez arduratzeko. Orain dela gutxi, zalaparta handiz iragarri dute anbulantzia bat jarriko dutela Durangon, erizainarekin, baina medikurik gabe, horrek dakartzan arazo guztiekin, eta egunez baizik ez dela jardunean egongo. Beren bulegoetan eroso eserita, ez dira ohartzen dauden benetako beharrizanez, eta, gainera, ergelak garela uste dute. Azken batean, larria den zerbait gertatuz gero, medikuari botako diote errua!