Lehenik eta behin, eskerrak eman behar dizkiegu Tokiko Agendako foroetan beren iritzia eman duten herritarrei. Hala ere, aditzera eman behar dugu prozesu horrek hutsune ugari izan duela. Izan ere, 2012an bi bilera baizik ez dira izan, eta 2013an bat. Lehenengo plana prestatzean, berriz, hamar bilera egin ziren ekitaldi bakoitzeko. Bistan denez, oraingo hau ez da parte-hartzean oinarritutako prozesu bat izan.
Bestetik, nabaria da aurkeztu den plana “jendeari begira egindako testu” bat dela, barne hartzen dituen proiektu asko “maiz eskatu direlako, eta honezkero gauzatuta egon beharko luketelako”: esate baterako, Urki-Hegoaldeko kanpoko ingurabidea (5.863.000e). Proiektu hori 2010eko aurrekontuetan sartu genuen, eta abian egon beharko luke honezkero. Gainera, azpiegituretan sartu diren 5.000.000 euroak ez dira benetakoak. Durangoko Merkataritza Biziberritzeko Plan Bereziko diru-laguntzak dira horiek, eta oraindik ez daude bermatuta. Euskarari dagokion kontu-saila sartu da, planerako aurreikusitako 8 urteekin biderkatuta (2.796.000e). Hala ere, kalkulu hori ez dator bat oraingo egoerarekin, bi urte baitaramatzagu aurrekontuak luzatzen. Beste horrenbeste egin da Berdintasun Sailarekin (1.112.000e) eta Gizarte Ekintzarekin. Horrez gainera, planean jasota dauden ekintza gehienak aspalditik ari dira egiten hainbat sailen ardurapean.
Guk berriz doitu nahi dugu plana, epe laburragoak ezarri nahi ditugu, eta jendearen partaidetza gehiago bultzatu nahi dugu, adostasun gehiago lortze aldera. Horrez gainera, benetako kontu-sailak dituzten ekintzak sartu nahi ditugu planean, zehazki, jendarteko iraunkortasunaren esparruan, orain arte bereziki landu dugun ekonomia- eta ingurumen-arloko iraunkortasuna bazter utzi gabe. Oinak lurrean ondo finkaturik, ahalik eta ekintza gehienei eman behar diegu lehentasuna, enplegua sortzeko. Azkenik, gogora ekarri nahi dugu udal honetan enplegua lortzeko xedearekin egin diren proiektu bakarrak sozialistok egin ditugun proposamenen emaitza izan direla.