Txikia nintzenean –aspaldi ez dela, kar-kar–, ordu luzeak ematen nituen aitita-amamen auzoan, Santa Apolonian, alegia. Usainak askoz ere sendoagoak ziren gaur egungoak baino. Nire gogoan, usain gozoko egunak daude gordeta: janari-, kafe-usaina... Eta usain txarreko egun asko ere bai: galdategi-, paper fabrika-, taladrina-, olio-usaina.
Jolasten ginen tokietako lurrek eta hareek zituzten usainak ere desberdinak ziren. Toki batzuetan, otalur berdeak, marrubi-sailak eta ortuak zeuden; beste toki batzuetan, berriz, harea beltz edo gorriak, lokatzak. Larrinagatxutik jaisten ziren errekastoetan eta Mañaria ibaian bainatzen ginen, eta ezkailuak eta zapaburuak harrapatzen genituen; eta iturburuetako ura ere edaten genuen, kezkarik hartu gabe. Nerabezaroan –ezagueran sartzen hasi nintzenean, kar-kar–, gogoan dut artikulu batek eragin zidan zirrara, sekula ez baitut ahaztu. Artikulu horretan, Durangaldea gorri-gorri zegoen marraztuta, Europa osoko airearen kalitaterik txarrena zuen eskualdea zelako.
Artikuluaren arabera, metro koadroko galdategi gehien zuen alderdietako bat zen eta, gainera, Europako alderdirik kutsatuenetako bat zen. Orduan hasi nintzen kezkatzen. Gaur egun, airearen kalitateak nabarmen egin du hobera, ingurumena babesteko atera diren arau eta lege berriei esker; orain, enpresek eta administrazioek ezinbestez hartu behar baitituzte neurriak. Era berean, krisi ekonomikoak ere zuzeneko eragina izan du airearen hobekuntza horretan. Azken egunetan, euri asko egin du, eta luiziak izan dira hainbat tokitan.
Euriak argitara atera du Durangaldean ditugun galdategiko zabortegietako bat. Kalkuluen arabera, edozein tokitan eta edozein modutara ezin utz daitezkeen 10.000 m3 harea daude, tratamendua jasotzeko zain. Herritarrek, enpresek eta, gehienbat, guk geuk –hau da, bermea eman behar duen Administrazioak– ahal dugun gehiena egin behar dugu hainbeste maite dugun lur hau hobetzeko, lur hau ez baita soilik gurea eta zainduko dugu zabortegi honetan eta beste batzuetan zer egiten den.