Durangoko EAJ-PNV alderdiak izan duen lorpen nagusia ez da akordioak egitea, baizik eta oposizioa batzeko gauza izatea. Alabaina, gutxiengoan gobernatzen ari denez, akordioak ezinbestekoak dira.
EAJ-PNVren azken ateraldia Durangorako beharrezko bi proposamen aurkeztea izan da: bat, Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren hurrengo eta nahitaezko berrikuspenean parte hartzeko diagnostikoa; eta, bestea, dendariekin lankidetzan aritzeko hitzarmena. Gu durangar gehienen ordezkaritzan aritzen gara, eta, gure ustez, bi tresna horiek ezinbestekoak dira gure herria, egungo beharrizanen arabera, hiri- eta ekonomia-aldetik garatzeko.
Gobernu-taldeak hiritarren parte-hartzean eta merkataritzan egin dituen urrats guztiak oinarrizkoak izan dira, eta gainerako alderdiek bultzatu dute horretara. Udaleko teknikari, politikari eta dendarien elkarteek eratutako PERCO mahaiaren eginkizun nagusiak honako hauek dira: azterlanean jasota dauden ekintzei lehentasuna ematea, eta ekintza horiek gauzatzea, herritarrek parte hartzeko batzordea sortzea, ordenantza prestatzea, baserritarren merkatua dinamizatzea… Hortaz, ez da kezkatzen herritarrek eta eragile sozio-ekonomikoek Durangoko Udalarekin duten eragin-trukea sustatzeaz. Zergatik? Zergatik ez zaie ezinbestekoa iruditzen?
Tokiko Agenda 21 foroan, udal-kontratuak dituzten enpresetako kideak, politikariak edo teknikariak dira gehienak; arian-arian, herritarrek gero eta gutxiago hartu dute parte foro horretan. Oposizioak horretara behartu gabe EAJ-PNVk egin dituen urrats bakarrak Tokiko Agenda 21 foroak jaso dituen sariak hartzea izan da: “itsuen herrian, betokerra alkate”.