ASKATASUNA
Erabateko askatasunaren egarri gara?
Bada erabateko askatasunik?
Eta baldin badago, ez ote du zoramenaren usainik?
Geure buruari galdetzeko, beldurrik gabe eta mineraino galderak egiteko besteko aske al gara?
Galdera bakoitzaren erantzun posible denak onartzeko besteko aske al gara?
Aske al gara onartzeko, adibidez, inork ez dakigula oso ondo nola bizitzen den, eta dakigunean segituan egiten digula alde ziurtasun horrek?
Zergatik, mozorrozko harrokeriaren ostean izkutatu baino, zergatik ez dugu onartzen denok ari garela tupustean estropuzka?
Zenbateko iraungitze epea du gure ziurtasun bakoitzak?
Egiten gaituzten zelulak etengabe berritzen eta aldatzen badira, zer da gu geu egiten gaituena?
Baina… etengabe berritzen al dira egiten gaituzten zelulak?
Ba al da zelularik?
Zer demontre dira zelulak?
Zelula bat ari ote da neure barruan galdera hau egiten, zelula bat zelulak zer diren galdetzen?
Arima ere zelulaz osotzen al da?
Arima? Espiritua? Baina zer dira kontu hauek, eta gugan al daude?
Ala geu al gara hori?
Zer da geure gorputza, bidaiontzi bat?
Zilegi al da hau galdetzea geure gizartemodu eszeptiko honetan?
Espiritualtasuna kristautasunarekin batera erauzi duen gizatalde honek, zer norainoko galderak onar ditzake?
Nola demontre da hain ederra mundua?
Ze oreka eta elkarlotura dago existitzen den guztiaren artean?
Ni hiltzean zer gertatuko da guzti honekin?
Benetan hilko naiz?
Eta zenbat denbora egongo naiz hilda?
Jaio aurretik hilda nengoen?
Ala, zenbat denbora egon nintzen jaio barik?
Denbora? Ze ostia da denbora?
Neuri bakarrik iruditzen al zait txikle moduko bat dela denbora?
Eta zuek?
…
nortzuk zarete zuek?
Bai, zuen izenaren eta zuen arropen eta are gehiago zuen hitzen ostean, nortzuk zarete zuek eta zuetako bakoitza?
Onartzen al duzue zuengan ematen den etenbako mutazioa?
Mutazio hori gidatzeko besteko boteretsuak al zarete?
Eta galdera hauek entzutearen eta egitearen artean ze alde dago?
Ispiluaren zein aldetan dago entzulea, irakurlea, galdegilea, idazlea?
Ba al da ispilurik?
Eta ispilua kartzela bat balitz?
Eta kartzelak… zertan ote dabil nirekin ikasi zuena oraintxe bertan kartzelan?
Bere buruari zeozer galdetzen ari ote da?
Bere burua piriniotan badago, bera ere ez al dago apur bat piriniotan?
Zertan ibili gara herri hontan nire laguna kartzelan egoteko orain?
Eta zertan ari gara, bera oraindik kartzelan egoteko?
Zergatik sentitzen dut kaleko jende asko ez dela nire laguna bezain askea?
"kaleko jendea" esan ote daiteke? Ez ote da nire moduko norbanako pilo bat errazki orokortzeko modu bat?
Jende guztiak egiten ote dizkio hainbeste galdera bere buruari?
Hainbeste unibertso zerebral ote dabiltza hor zehar?
Nire zerebroan hazten badira kanadako basoak, zenbat amazonas dabil antso estegizen gora eta behera adibidez?
Ota-ko beharginak honelako galderak egiten ote dizkio bere buruari pasioan dabilenean?
Ba al da hemen ota-ko beharginik?
Eta baldin eta badago… ze poeta duzu gustoko?
Nor da gogoan daukazuna? Nor da lo aurreko zure instanteen jabe?
Ez al duzue karramarroekin ametsik egiten?
Inork ulertzen al du karramarro bat?
Ni otso niii yeyeiki nai nago nogiehiko nadabe abidai naidoki?
Peru Madalena Arriaga
Plateruena antzokian 2019ko maiatzaren 10ean