Zamoran preso gengozela, gure eskuetara iristea lortzen zuten gutun ondo zentsuratuen artean, behin, lagun batek emakume batena hartu zuen, non gutxi gora behera zioen, erdaraz, noski: "Zuek, gizajook, hor zagoze mundua zetan dan ez dakizuela, baina hemen zuen abade-lagunak aidean dabiz. Joan dan astean abade gazte bi neskazahar bigaz egunpasan aldendu ziran eta ez dirudi damututa itzuli ziranik. Bertsolariak beste zereginik ez badauka, badauka gai polit bat".
Orduan Zamoran gengozen guztiak abadeak ginen, tartean fraileren batzuk zirela. Gaur, seguruenik, gehienek ez dute jakingo abade-fraileak bereizten, baina zertarako hasiko naiz dakitenek ere geroz ahaztuago duten kontu bat azaltzen? Ni neu frailetzarako hasi nintzen eta abade amaitu nuen eta igarri nuen, bai, aldea, baina maitasunaren zuhaitza bietan ere ekaitza zen, pasioena beti ere. Altza galdurik, haitzari bihotza jarri genion, baina tximistarik ez zen parean egokitu. Jainkoaren grazian geratu ginen, neskazaharrak agertu arte, banaka genituen gaitzak elkarri josteko. Ai, ama! Hau da lana, sekula berandu heltzen ez dena! Eta zer? Zorion puska batek osoak baino gehiago balio lezake, inpentsuan datorrenean. "Jauna zuekin! Hi neronekin!". Banenkien zer zen Jauna denei eskaintzea, aurpegi bakar bati begiratzen niola, beronek Jaunaren ordezkoarekiko debozioz ala pekatu izur batez begiratzen ote zidan ezin ebatziz. Mezan zehar aurpegiak aldatuz joango nintzen, zeinu adierazkor bat antzeman guran. Inoiz argi xirrinta terrenalen bat sumatzen nien begiradak nire atzeko Santo Kristoarentzat zirela ulertu behar nuen, zeren, neugatik izatera, zer egin behar nuen gero? Akelarren botoak entregatu, "Euskal Herriak fedea galdu baino lehen"? Espetxeko patioan sugandila ugari agertzen zen horman behera. Musker txiki bat ere bai inoiz, zeina murruan gora bidaltzen pasatzen nuen patioaldia. Lehenengo eskuekin eta gero palutxo batekin gorantz eragingo nion kurioso-kurioso, "igon hadi goraino eta, ezer ikusten ez badok be, lagunduidak, behintzat, handik zeozer ikus daitekeela pentsetan". Baina, bere grinara geratzen zenean, trabestu egiten zen eta, zeharka-meharka, atzera patioko zoruraino jaisten zen. "Zapaltzea merezi dok!", baina hori ezin nion egin, apaizei eta neskazaharrei ere ukatu ezin nien lez eduki ahal zuten askatasun apurra.
Bertso sorta hau maiteenetarikoa dut, hainbeste konnotazio aurkitzen baitut bertan. Satiratik urrun ez dabilen ironia asmoan, askatasunaren espazio txikiak gozatzeko tentazioan jausten direnak karinoz tratatzen ditudala uste dut, hain maiseatuak ziren apaiz eta neskazaharren harremanak barne, gehienak intentziotik urrunago iristen zail zeukatenak, gainera. Nire patioko muskerrak gustura zirudien han. Biharamun batez inondik agertu ez zenean, lotsatu egin nintzen neure atsekabe sentimentalaz, aurpegi txiki baina munstros hartan gutxienez bi begi ikusten bainituen, beharbada desio nindutela pentsatzekoak.
1)Neskazaharrak eta apaizak
hartuko ditudan haintzat
eskatu didaten gaitzat
ai, ama, nola josi elkarri
banaka dituzten gaitzak.
Altzak bihotzik ez badu ere
eduki lezake haitzak
biguntzen badu ekaitzak
tximista baten bildurrik ez du
maitasunaren zuhaitzak.
2) Zaldia triste behorra mizke
hegoa-iparrak aske
neskazahar apaiz gazte
larrerik larre omen dabiltza
gartsuki elkarren eske.
Elkarri bildur diote baina
ez ikaratzeko beste
nigatik konpon zaitezte
zorion puskak zuentzat ere
zilegi izan litezke.
3) Adina luze, azala zimur
zenbat urte ditun aurten
baina ez gogorik joaten
tenta ditzagun apaiz gazteok
ea norantz jotzen duten.
"Jauna zuekin", hi neronekin
ez suari txingarrik ken
nora nahi dun bihar irten
uso zuri bat ari dun bioi
habia urdin bat egiten.
4) Neskazaharrak eta apaizak
uhuka meza ondoren
Akelarren batzen omen
hain ez baitute konturik hartzen
ez urteen ez botoen.
Aita Santua hara ta hona
dabil inoizko eroen
deabrua non ote den
aurkituko ahal du Euskal Herriak
fedea galdu baino lehen.
5) Ez nago alde, ez nago kontra
entzuna kontatzen baizik
ez omen baitago kasik
neskazaharren bat gorroto edo
maite ez duen apaizik.
Egia dela, gezurra dela
oilarrak goizean goizik
atzeman gaitu biluzik
ez dinat ezer jantziko, maite
berriz erazteko ezik.
6) Muskerrak duen ibilpidea
hormaz horma harriz harri
gizakiei mozten sarri
nigatik argi berdea zenbait
apaiz eta neskazaharri.
Askatasuna bada dohai bat
hain haundi, hain bizigarri
eta eza hain hilgarri
eduki ahal dugun apurrik
ez uka behintzat elkarri.
Xabier Amuriza