Atzera

Erabiltzailearen aurpegia Hitzez eta Ahotsez 2019ko ira. 11a, 16:07

Leire Vargas Nieto Hitzez eta Ahotsez jendaurreko saiorako sortutako bertsoak abesten. Malagako amamari eskainitako ATZERA bertso sorta.

ATZERA

Goizean goiz altxatuta,

berdin negu edo uda,

gizonarentzat prestatu

tentuz janari ta ura.

Seme alaben deien zai,

zer gehiago nahi dozu ba?

Jada ahaztuta daukagu

zuk be badozula gura.

Egunero hain presente

dago bizitzan helmuga…

Zama bat askatu eta

beste zama bat heldu da;

senarrantzat bizi zara

zu bizitzean kostura.

Hogei urtegaz ezkondu.

Nork daki hor bazen nahirik?

Umeak eta etxea,

ez zenekien besterik.

Aitona bere airera,

urrun ibiltzen zen handik;

etxeratzean inork ez

zuen aurre egiterik.

Zaila beraz mantentzea

zuk goxotasun alerik.

Hautatuaz jakin nahi dut

ba ote duzun damurik;

hainbeste urtez zaintzen zu

zainduko zaittu(e)nik barik.

Kexaka joan ohi zara

batera eta bestera,

ez da erreza maitatzen

zure berbetako era.

Konplikatutxoa zara,

amama, zu, goitik behera,

baina guk soilik dakigu

istori(o)an amaiera:

bizi dozunaz jabetuz

aldatzen da ikuskera,

ta erraza ez den arren,

noa egia onartzera:

gu ez gina(te)ke hemen ein

ahalko bazenu atzera.

Leire Vargas Nieto

Durangon, 2019ko maiatzaren 10ean

Hitzez eta Ahotsez irakurraldirako sortutako bertsoak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!