Gizaki modernoa

Erabiltzailearen aurpegia Hitzez eta Ahotsez 2019ko abu. 19a, 15:07

Rafa Ugalde zornotzar idazlea Hitzez eta Ahotsez VI. edizioan Hondar Aleak bere liburuko Gizaki modernoa poema irakurtzen

GIZAKI MODERNOA

Ordainketa dut espetxe,

eta ordainketa bakoitza neure izatearen inguruan

                              jartzen dudan

burdin-barra.

Ordainketa artetik ageri dut aurpegia

barrote biren tartetik,

eta belarriak burdinezko barra bertikal banaren kontra

jarrita,

zurruntasun horren bitartean sartzen dut begitartea,

eta estatasun horretan arnastu egiten dut, sakon,

udaberri atal bat,

eta gau izarreztatu zati bat,

edo usnaka aritzen naiz

azken udagoienean eroritako orbel

                gorrixkaren baten gainean.

Atzerantz egiten saiatzen naiz

ibilitako bidea desibiltzen,

hipoteka zaharrek galarazten didate bizkarra, ordea.

Sabaitik gora

ahaleginetan nabil zeru txatal bat arnasteko,

mugimendu bakanena ere galarazten

                        didaten burdinen artetik.

Ordainketa dut espetxe,

eta ni neu kartzelazain.

Udaberri osoak eta gau beteak arnastuko nituzke

birika askeak aseko nituzke,

estatikaren prostituzioari uko egingo banio.

Erne zaiztezte larreetan aske, loreok!

Ikusi dezakedan udaberri puska honetan

arnastu ezazue apal eta eder zeuon estetika naturala,

erne zaitezte aske!

Nik urregorriz estatzen ditudan bitartean

ito egin behar nauten barroteak.

RAFA UGALDE

Durangon, 2019ko maiatzaren 10ean.

Hondar Aleak liburuko poema

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!