AZKEN FINEAN
Azken finean gauza gutxi dira ezinbestekoak
abisatu gabe datorren euria bezala
espero ez duzun ur zikin hori
zure memoriaren zuloetatik sartzen.
Gauza gutxi direlako ezinbestekoak azken finean
ametsak ere aitzakia bat besterik ez
inoiz izango ez garen hori izango ez garela onartzeko.
Ezinbestekoak gauza gutxi direlako azken finean
mina bezala bizirik gaudela oroitarazteko
ez direlako gauza bera mina eta samina
nahiz eta biek min eman.
Gauza gutxi dira azken finean ezinbestekoak
azalaren lehen mintzean gordetako beldurra bezala
begiak zabalik edukitzea
edo salbatuko garela
pentsatzea.