ESANAHIAK HIZTEGIETATIK AT
Hiru aldiz errepikatu dut
hitz berbera,
nire baitarako.
Laugarren bat
ahoz goran,
askatasuna.
Nola esan,
nola definitu,
nola egin
benetan posible.
Esanahi anitzak
dituela otu zait:
Politegiak,
poetikoegiak,
edo politikoegiak akaso.
Sukaldeko pila gabeko erlojuari
geratu naiz so,
erantzunen esperoan.
Begiak,
hamarrak eta bostean iltzaturik.
Hitz handiegiak
besterik ez ditut buruan.
Laguntza bila ekin diot orduan,
ahaide eta lagunei
askatasuna zer den galdetuz.
Galdera bat
egin didate lehenik,
ea askatasun osoa duten
galderari erantzuteko.
Baietz erantzun eta
pentsakor gelditu naiz.
Beste dozena bat erantzun jarraian:
menpekotasun eza
dela askatasuna,
ezintasun eza,
Benito Lertxundiren Loretxoa kantua,
Erabakitzeko gaitasuna,
ahalmena,
eskubidea
eta potoloegiak diren beste zenbait hitz.
Bat batean argitu didate bidea
bi galdera eginez.
Bat.
Benetan aske al gara
geure askatasuna helburu bakartzat dugunok?
Bi.
Aske izan nahi genuke,
baina lasai biziko ote ginateke gainerakoei
aske izateko aukerarik eman gabe?
Kafeari kea dario oraindik,
nire buruaren pare.
Errotatibak martxan jarri dira
nire barnean.
Egoista xamarrak izan ohi gara gizakiok maiz,
nor bere zilborraren baitan bildurik,
baina hala ere,
pozten gaituzte besteen askatasun lorpenek:
ziegako itzaletatik irtetea,
itotzen zioten esku horietatik ihes egitea,
bizitzeko gogoak berreskuratzea,
erabakitzeko gaitasuna bereganatzea,
urteetan tristeziak bahitua izan duena
berriz poztasunak besarkatzea,
Eta injustiziaz beteriko mundu honetan
esklabotzatik irten diren
pertsonen garaipenen
eta abar
oso
luze
bat.
Akaso,
ez gara nik pentsatu bezain egoistak,
apika
ez gara hain maltzurrak,
eta agian
askatasuna ez da kontzeptu indibidual bat,
baliteke
kontzeptu kolektiboa izatea.
Suposizioak baino ez dira,
amesteko askatasuna behintzat
ez diezagutela kendu.
Eider Gorritxategi
Durangon, 2019ko maiatzaren 10ean