Askatasunaren izenean

Erabiltzailearen aurpegia Hitzez eta Ahotsez 2019ko eka. 4a, 09:59

Josu Unzueta HITZEZ ETA AHOTSEZ jendaurreko irakurraldian berak sortutako  "Askatasunaren izenean" testua irakurtzen Plateruena antzokian

ASKATASUNAREN IZENEAN

Ze gauza ederra, askatasuna! Begiratu niri, adibidez. Gizaki askea naiz.

Gizaki askea naizenez, goizeko seietan altxatu eta lanera joaten naiz, biltegi ilun batera, soldata miserable baten truk. Etxean gera nintekeen, goxo-goxo lotan, baina hori arduragabekeria litzateke. Eta askatasuna pertsona arduratsuena da.

Agian, askatasunaren izenean, akabatu beharko nuke ugazaba, esplotatzaile zikin hori, baina ez. Gizaki askea naiz, eta, askatasunaren izenean, men egiten diot errieta egiten didanean. Eta zer erakusten du horrek? Gizaki askea naizela, erabaki zailak hartzeko gauza naizelako. Zeren askatasuna ez da burura etortzen zaizuna egitea; hori pasioen esklabo izatea da. Nire askatasuna, ostera, hain boteretsua da, ze utzi egiten dut zapaldu nazaten. Ba ote dago askatasunaren ebidentzia handiagorik?

Arrastian etxera abailduta bueltatzen naiz, eta, nire askatasunaren izenean telebistaren aurrean luze plantatu beharrean, kirol-arropa jantzi eta lasterka ateratzen naiz, denek ikus dezaten ze gizaki librea naizen. Eta ariketa-gaindosi horrek berretsi egiten du nire askatasuna, gizaki askeek bakarrik har ditzaketelako hain erabaki nekagarriak.

Afaldu, garbi afaltzen dut. Erraza izango litzateke Teletalora deitzea, eta gauero pare bat talo txistorrarekin afaltzea, baina morrontza gastronomiko horri uko egin eta erabaki askea hartzen dut: produktu light zaporebakoak jaten ditut, eta gogoz kontrako elikadura horrek askeago egiten nau, azpimarratzen duelako nire askatasunaren osasun ona.

Eta, ohera orduko, iratzargailua jartzen dut. Eta erabaki zail eta bortitz hori nire askatasunaren aldarri bihurtzen da. Zeren askatasuna diziplina da. Askatasuna men egiten jakitea da.

Eta asteburuetan? Etxean lasai-lasai geratu barik, nire askatasunaz gozatzen, mendi-lasterketetara joaten naiz. Egoista izango litzateke nire askatasuna niretzat gordetzea: besteekin partekatu beharra daukat. Eta horren sublimazio gorena, HIRU HANDIAK egitea Declathonen erositako frontala jarrita Gorbeian gora, gauez, ilara luzean ehunka mendizale. Buatxabala! Hori bai hori askatasun kolektiboaren orgasmoa! Zeren hor ere askatasuna da nagusi, trafiko-ataskoetan egon daitekeen bezala. Bai, trafiko-atasko baten ere libre izan zaitezke, baldin eta irratiko emisora aukeratzeko askatasuna baduzu, eta leihatila bajatu eta los 40 principaleseko abesti ultrakomertzial hori kantatzeko plazer basatia baduzu.

Zer da ba askatasuna, etimologiari begiratuta? Aska hitzaren eta tasun atzizkiaren batura. Hau da, askara botatzen digutena jateko dugun dohaina. Beraz, askatasuna gizarte-ekintza diziplinatua da, ez besterik. Gizarte askatua gara, askatik jaten ohitua. Eta, harrotasunez, askeak garela esaten diogu geure buruari. Zeren askeak gara, ezta? Hor duzue zertaz hitz egin pintxopotean edo, maiatzean gaudenez, lehenengo jaunartzeetan. Zeren… pintxopotera edo jaunartzeetara joatea erabaki askea da, ezta?

Bai, horrelaxe gustatzen zaigu bizitzea gizaki modernooi: kaiolako txoriaren erosotasunean, aske garelako ustean preso.

 

 

Josu Unzueta / 2019-05-10

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!