Ispiluaren aurrean

Erabiltzailearen aurpegia Hitzez eta Ahotsez 2019ko mai. 29a, 10:33

Jabi Arbeok HITZEZ ETA AHOTSEZ jendaurreko irakurraldirako sortutako testua

Ispiluaren aurrean

Gau osoa lo egin barik. Laster egunsentia, baina kanpoan nahiko ilun dago. Ohetik altxatu naiz eta nire haurtzaroko aulkitxoan jesarrita nago. Ispiluaren aurrean. Nire gelako leihoaren kristaletan, apenas indar barik, kaleko farola baten izpiak jotzen dute. Nire gela ilunpean dago eta ispiluan nire gorputzaren perfila margotzen da, eta gustatzen zait, pozik nago.

Etxeko sukaldean irratiaren murmurioa sumatzen dut, nire gurasoak altxatu dira, seguro gosaltzen daudela eta lanera joateko pret, azken 20 urteko kontua.

Leihora hurbildu naiz, 3 Kelly datoz kaletik behera. Herriko sarreran dagoen “super hotelera” doaz lanera. Bere neke ibilkera nabarmena da, aste osoko nekea, hilabetetako nekea, urteetan akumulatu duten desgastea lan anker honetan eta gainera pobreziatik irten ezinik. Goizero elkartzen dira batera joateko, beldurra dute. Nahiko ilun dago dena, auto bakoitzaren atzean, kalekantoi guztietan itzalak agertzen dira, urratsen zaratak entzuten dira. Baina, gailu elktroniko batekin dena konponduko dela esaten diete udal agintariek, seguroagoak sentiduko direla, libreagoak, mendiko abereak bezala, bakoitza bere txipekin.

Isilpean dago gela, irratiaren murmurioaren tartean..., mediterraneo osoan ez dago portu bat, ezta atrake txiki bat ere txalupa zistrin batentzako. 40 pertsona daude. 20 emakume 8 umekin, askatasunaren paradisura heldu dira, ongi etorri!

Alboko etxebizitzan zarata, gazte bat etorri da duela 3 hilabete. Gozada bat da berarekin eskaileretan topo egitea, beti euskeraz, beti irribarretsu. Lurrera lapiko bat jausi zaio, seguru, zaratagatik dinot.

Egunero prestatzen du bere taperra, goizeko 8retan lanean egon behar da Bilbon. Grado bikoitzeko

titulua ikasi zuen, gero Sorbonan master bat eta bitartean 4. hizkuntza landu du. Gaur ere, gaueko 9etan bueltatuko da etxera. 800€ ez da asko baina... zer egingo duzu? -esaten diote maite dutenek.

Berriro, biluzik, ispiluaren aurrean... guztaten zait ikusten dudana, pozik nago!

Institutura, gona urdin polit honekin eta top zuri batekin lehenengo aldiz joango naiz. Urduri nago!

Azkenean, kalean nago! Arnasa hartzerakoan, freskotasuna sentitzen dut. Askatasunaren bila noa eta libreagoa sentitzen naiz.

Izar naiz, 17 urte ditut eta pertsona libre bezala aitortu gaitezen nahit dut, hori bait da askatasuna!

Jabi Arbeo
Durangon, 2019ko maiatzaren 10ean
HITZEZ ETA AHOTSEZ

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!