Bidea
Hau da nire bidea. Ez nirea delako, bertatik joatea erabaki dudalako baino. Gaur, bakarrik noa bide honetatik. Baina bidea ez dut nik egin, bidea izango bada, bertatik jende, ibilgailu eta animalia ugari igaro delako da bidea.
Bideak ez du hasierarik, ez du bukaerarik, okertu, gurutzatu, azken finean eraldatu egiten da: lasterbide, bidezidor, zordan-bide, autobide, errege-bide edo eta zebra-bide.
Bata ez da bestea baino hobea, bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta nik une bakoitzean ditudan beharrizanak eta helburuak kontuan hartuta erabaki nahi dut nondik joan.
Bidea ez da zaila, ez da erraza, bidea, bidea baino ez da. Bidea niri egiten zait aldapatsua, harritsua edo arriskutsua. Edo leuna, arnasgarria, zoragarria. Baina bidean noala gogorra egiten bazait, moteltzen nauen zerbait baldin badago, akaso neure buruari galdetu beharko diot ea okerreko norabidean nabilen.
Ez dakit zer egongo den hurrengo bide bueltan, ez dakit zabaldu edo estutuko den, bide gurutze bat aurkituko dudan edo artez jarraituko duen. Nik momentuz nahiago dut baso bide bat, lasai lasai joateko.
Gaur esker eskuma begiratu nahi dut, bidean dagoena ikustea, zerua, lainoak, txirri-txirriak, jendea,… norabide berdinean edo kontrakoan. Bideaz gozatu nahi dut, une honetan ez baita garrantzitsua zer dagoen haratago.
Nire helburua ez da nonbaitera heltzea baizik eta bideaz gozatzea. Eta nahi dudanean, bidea edo norabidea aldatzeko aske izatea.
Konturatuko zinaten honezkero. Ez naiz esatari baina esan dut, ez naiz idazle edo pentsalari baina hau idazteko, pentsatu dut eta ez naiz ibiltari baina gaur banabil eta ohartu naiz bide honetan ez noala bakarrik, lagun asko gaudela ibilbidean.
Amaia Alberdi Mardaras
2019ko maiatzaren 10a