Azeria

Erabiltzailearen aurpegia Hitzez eta Ahotsez 2019ko mai. 15a, 10:31

Eneko Barberena (Arrasate, 1983) aezkoar jatorriko idazleak HITZEZ ETA AHOTSEZ jendaurreko irakurraldirako sortutako testua.

AZERIA

Metalezko hesian dagoen zuloari begiratzen diot begi batekin, bestearekin mokoa jarraitzen dudan bitartean lurrean den zizarearen atzetik. Berrikuntza da, txitoa nintzenean ez zena.

Han da, oilategiaren irteera.

Bertan goxo dira gehienak eta gutxik begiratzen diogu zuloari. Txoriei aditzen egoten garenak kanpoan direnei buruz, katagorrien zuhaitz gaineko talaia inbidian dugunok, satorrak berak ere baitaki zer den lurpetik harago. Eta ez al gara gu lurjale itsuen beste izango, hegan egiten ez duten hegalen jabeok?

Han da, zuloa. Ezin diot utzi hari begiratzeari, ziur jakin arren hesiz bestalde azeria dagoela toki berera begira, ezezagunean dena ezagutu nahi duenaren jakin min beraz.

Eneko Barberena

Durangon, 2019ko maiatzaren 10ean

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!