Durangoko Arte eta Historia Museoko ganbaran batu ginen joan den barikuan 60 bat lagun Uxue Alberdiren "Bertsoraino" hitzaldia entzuteko. Udaberrian argitaratuko duen "Kontrako eztarritik" liburuaren aurrerapen egin zigun Uxuek. Berbaldi sakona. "Nola iristen da emakume gorputza bat bertsoraino?" galderari erantzuna bilatu guran, Alberdik egin duen ikerketa eta bilketa lanaren fruitua dastatzeko aukera izan genuen. Hainbat emakume eta testigantzen berri eman zigun: plazan egoteko moduaz, umoreaz, bertsotan lantzen diren gaiez, txapelketaz edota sormenerako askatasunaz jardun zuen. Liburua irakurtzeko gogoa piztu zigun askori Uxuek.