Zapalduaren sindromea

Erabiltzailearen aurpegia Hitzez eta Ahotsez 2018ko abu. 1a, 10:02

Fernan Ruiz, berak sortutako "Zapalduaren sindromea" testua irakurtzen Hitzez eta Ahotsez 5. Jendaurreko irakurraldi girotuan, Plateruena Antzokian, maiatzaren 4an

Zapalduaren sindromea

Garizumako haize bustiaren babesean, lagun zaharrarekin elkartu naiz. Begi bistan, harrizko Astarloa amantala jantzita eta erratza eskuan ageri zaigu. Kafeari eragiten dion bitartean, gura barik, lagunari garai ilunen flasha etorri zaio, xiringa, koilara uger eta hauts zurixkarekin korapilatuta ibili zen sasoi latz hura.

 

Orain laborantzan ari da, esku lakarrak salatari. Euriteak, luiziak eta eguratsa etsai, tartetxoa hartu eta bisitan etorri da bere ortu txikiaz jarduteko, handik ateratzen baititu bihotz taupadei eusteko elikagaiak. Patxadaz hasi gara berbetan; “azpian dagoena axola zait” bota du bat-batean, “lurpean dagoenak aztoratzen nau, mendean hartutakoak, baztertuak eta haien begiradak, zapalduak direlako, desagerrarazten ditugulako”.

 

Azalean ageri zaigunetik, itsu egiten gaituen distiratik urrundu eta, gordea dugun horretan arakatzea du gogoko. Harreman zintzoen basamortua esaten dio hiriko bizimoduari; urte asko pasatu baititu, han, iraganak utzitako hondar trinkoak goldatu, irauli eta saneatzeko intentzioarekin. Lanabesak, ordea, ez dio asko lagundu mokil gogortuak urratu eta bere bizitza luberritzen, hirian eraikitako zoru azpiak sendoegiak baitira apurtzeko.

 

Horregatik erabaki du bizilekuz aldatzea; basamortua betiko utzi eta lur saila eskuratuta, emankorragoa suerta dakiokeen eremura hurreratu da. Lurpeak eta lurperatuak burutik ezin kenduta, lurrazalak eskaintzen dionari jaramon gehiago egitea erabaki du, itsu egiten gaituen distiratik urrun.

Fernan Ruiz . Hitzez eta ahotsez 5. irakurraldia. 2018Ko maiatzaren 4an

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!