ERROTZEA
Berriro galduko dira nire begiak
Salamancako ilunabar gorrikaretan,
urtero itzultzen naiz izan ere,
nire arbasoen erroetara.
Ortozik zapaltzen dut lur idor, bero
eta zintzoa; musu ematen diot nire gorputza
ezagutzen duen haritzari; aitite-amamak
gari jotzen ibilitako larrainean galtzen naiz,
eta halaxe asetzen dut herrimina,
ez dadin inor ohartu egun gutxi direla
hainbesteko irrika gozotzeko.
Itzuli egiten naiz, beti itzultzen naiz
gure aitak beso latzez jasotako
harrizko hormen kontra igurtzitzera,
gure amak prestaturiko lapikokoari
omen egitera, kortako mailan esertzera,
gauza xehen ederrak osorik har nazan.
Eta begiak betetzen zaizkit, auskalo
zenbatgarrenez, zeru txatalari begira,
hain urdin eta garbi egunez,
hain izarbetea gauez,
keinuka dabiltzan ehunka musu argi.
Itzuli egiten naiz, beti itzultzen naiz
nire jatorria ez ahazteko,
nondik natorren ospatzeko.
Sortzailea: Koro Benito
Itzultzailea: Iñigo Aranbarri