Lurra dinot
Lurra. Lurra dinot eta zer dinot. Eta zer dinost lurrak neuri. Lurra esan eta akordura jatortan lehen-lehena aitita- amamak dira. Hareek bai, hareek lurra ikutzen eben euren eskuekaz, eskuetan erabilen lurra, baita hartu eta bota be, goldatu, atxurrean egin. Lurra emonkor eta oparo agertuko jaken batzuetan, idor eta malkar bestetzuetan. Lurra beraz ogibide eta bizibide, maitasun-arrangura bide, laztanka eta erneguka hareek bidean, lurrean, aurrera eginez.
Begi aurrean nekusan lurrak, hurrean zein urrinera laua eta zelaia emoten eustan emon, baso, mendi eta hatxen gorabeherak izan arren. Han egozan bai tantai-tantai Anboto, Hatx Txiki, Alluitz eta enparauak. Holan eta guztiz be, lurrak zelaia irudien. Eskolara hasi baina eta han irakatsi eustien zer zen lurra: “la tierra es un planeta que gira alrededor del sol, es redonda y achatada por los polos”. Hara, esanda neukan, gauza asko, gauza barri asko ikasiko dozuz eskolan. Benetan. Lurra ez zela laua, biribila baino, eta hori argitzeko definizino bat erabilen. Eta beste gauza barri bat be ikasiko neban horregaz batera, hizkuntza arrotz hori, ordura arte ez nekiena. Beraz lurra, zientzian eskolatzeko eta kanpoko hizkuntzan oso-osorik murgiltzeko.
Gerotxoago ikusi neban Ama Lur pelikula, Euskal Herriari egindako kantua eta omenaldia. Lur eremu jakin horretan bizi zirenek, bizi ginenok, gizarte edo jendarte zehatz bat osotzen genduala, horretaz jabetu ziren eta ginen. Pelikulan Euskal Herriko lurralde guztietako jendea agertzen zen. Euskaldunen arimari buruzko dokumentala zela esan zen orduan. Lurra beraz norbere kontzientzia eta jabetze prozesuan, eta prozesu horretan babesle ama, Ama Lurra.
Urte batzuetara entzun neutsan neure izen bereko abeslariari zera abesten: “Hala ere gelditu egingo naiz, hala ere hau nere lurra da, hemen dago nere etxe bakarra, nere etxe bakarra, nere etxe bakarra”. Lurra, ibili eta ibili, nekatuta eta zikin dabilenaren kantagai. Abestiak inoenez, zeozer gehiago zen lurra, ikutu, erabili, definitu eitekeana baino zeozer gehiago: lurra barru-barrutik sentidu egin geinkean, abestiaren bitartez lurrak biozberatu egin geinkezan. Bazen beste lur bat, lur bat norberarena. Lurra beraz, fisikotik haragoko goi-arnasaz betetako sentimendua.
Baziren lurrean beste hizkuntza batzuk be eta ingelesegaz batera izan neban The Waste Land, Lur Malkorra izeneko poemaren barri, oraintsu orain pasatu dogun hilabetea, apirila, hilabeterik biozbakoena dela dinoen poema. Bertoko beste esaldi esanguratsu bat, “bildurra erakutsiko deutsut hauts eskukada baten”. Lurraren beste itxura bat zerakutsan olerki sorta horrek. Ez zen dana polit eta eder, baegoan egon ilusino-galtzerako eta etsipenerako tarterik be. Lurraren alde iluna beraz.
Argi eta ilun, jakingurak jota ekin geuntsan aurrera eta munduari bueltaka. Eskolan ikasitako eta hainbat etxetako apaletan egoan lur esfera koloretsu hari nork ez deutso olgetan buelta eta buelta emon eta halako baten atzamarra ganean jarri, geldituazo eta esan, ba nik leku honexetara joan gurako neuke, eta albokoak, olgeta berean, ea aurrekoari baino urrinago tokatuko ete jakon gura izan?
Izan dot izan horrenbeste herri eta lurralde zapaltzeko burubidea eta suertea. Ez dakit neure atzamarrak seinalatu ebazan lurraldeak izan diren ala ez, baina, ibilitakoa ibilita, horrek ez dauka orain garrantziarik. Durangaldeko mendietan beste ibili naz hainbat herritako mendi eta hatxetan gora eta behera. Lurra erabili dot eskuetan, lupetzartean sartu eta laprast egin dot, jausi be jausi naz, lurraren gogorraz eta era berean bigunaz konturatu.
Bidean neulako bidaiariak eta osterantzekoak topatu eta ezagutu ditut. Euretako batzuek neure lurraren ezagutza eta hemengo barri eukien. Hareek be, neuk lez, euren lurra daukie, lur bat eurena, eta horixe ezagutuazo egin deustie. Badira beste batzuk, euren lurra itxita, lurra, eurena, hemen ezagutu dodazanak. Abestu abesten deutsie euren lurrari, agertzen da pelikuletan, baina han lurra ez jaken ogibide eta honantz etorri dira bizibide izango jaken lurraren bila.
Antzera gabilz danok, han eta hemen, hara eta hona. Eta azken buruan, lurra dinot eta zera dinot: danok daukagu maite dogun lurra, geurea, gutariko bakotxarena, lur bat norberarena.
Hitzez eta ahotsez
Durangon, Plateruenean, 2018ko maiatzaren 4an