Ordulari unibertsala
Goizeko 02:57 Detroiteko kaleetan,
elurra mara-mara dabil, eta Motor
Cityko pariak inurritxoak bailiran
aterpe bila dabiltza 8 Milletik zehar.
Hotz dira, ziur asko, negu gorrian
2Packen abestirik beroenak nekez
berotu baititzake kaletarren gorputz
jelatuak.
Arratsaldeko 16:58 Tokio hirian.
Kabukicho auzoko kaleek odolezko
malkoak ezagutu dituzte. “Beste behin”
esan du egunkari saltzaileak.
Yakuzzak ez du lorik egiten,
debekatuta dauka.
Hirosima eta Nagasakiko bolandera
atomikoek iratzarri zuen mafia;
ordutik dago ernai.
Goizeko 09:59 Kigalin. Ruandako
sarraskiaren hilerritik handiena.
Gaur irrati guztiak amatatuta
daude, orain 22 urte ez bezala.
Haatik, garrasi batek urratu du
gaueko isltasuna. Isiltasunak ez
du etniaz ulertzen, ez daki oihu
hura tutsi eta hutu batena den.
Berdin dio.
Roméo Dallaire Koronela, munduko
beste puntan bat-batean esnatu da,
1994tik amesgaiztoak edukitzera
kondenatuta baitago.
Bart “Hotel Mille Collinen”
jazotakoarekin amestu du.
Eguerdiko 13:27 Delhiko zabortegi
nagusian. Ezinezkoa da begiak batzea
zabor unibertso horretan; batzuek diote hilotz usainagatik dela.
Beste batzuek, ordea, arratoi izugarri handiak
aske dabiltzalako, goseak hilik direlako;
pertsonak ala arratoiak? Egunaren arabera.
02:00 Guatemalako “Puerto barrios” auzoan,
bi gaizkile-talde armak banatzen ari dira
taldekideen artean. Salvatrucha eta 18 marek
egun gogorra dute aurretik…gaur ezin daitezke
etxera bueltatu etxerako lanak egin aurretik.
KARLOS ARETXABALETA.
HITZEZ ETA AHOTSEZ IV. irakurraldia
Durangon 2017ko maiatzaren 5ean