Nire afariko ahuakateak, bai, nire afariko ahuakateak, bere bizitzan zehar, ziurrenik nik baino gehiago bidaiatu du. Etiketak dio Mexikokoa dela, eta hara non amaitu duen, Durangon! (ez al zegoen beste paraje umelagorik!) Ezin dizuet esan zehazki nongoa den; ez dakit herri edo hiri batekoa den, edota bera landatu, hazi eta jaso zuten eskuak, lurra lantzeagatik zartaturik ote dauden. Etiketak, ez du zehazten. Dakidana da, handik ona bidatu duela. Bere nerabezaroaren hasieran "México Lindo y Querido /si muero lejos de ti /que digan que estoy dormido /y que me traigan aquí/ y que me traigan aquí" mariatxi musika topera zuen kamioi batek garraiatu zuela; eta helduaroan, aireportuetan entzuten den musika haserregarri hori maitatzen amaitu zuela.
Ziurrenik, bere jabeek, "mordida"ren bat ordaindu zuten prozesua azkartzeko, uzta ez zedin bidaia hasi aurretik kutxan usteldu. Gu, hara joaten garenean, enbarkatzeko egiten ditugun ilaretan lez. Denok, nahi izan dugulako noizbait "Premium" bidaiariak izan, ilaran lehenak egoteko, hegazkinera sartzen lehenak izateko eta besteak sartzen direnean, begietara begiratzeko harrotasunak puztutako egoarekin. Guztia, ilaran zain usteltzen ez egoteagatik.
Dena den, nire entsaladako ahuakateak hegazkinez bidatu du, ez dakit "Premium" izan den ala ez, baina paper guztiak zituenez, ez du coyoteen sasi-laguntzarik behar izan, muga igarotzeko. Hegazkineko leiho ñimiñotik ikusi du, besteak beste, Bush eta Obama eraikitzen hasitako harresia, eta amaitzen badu, Trump-en meritu izango dena. Eserlekuko gerrikoa estutu, bandeja altxa eta barazkien lehen klasea deritzon horretan, egin du hegan hona.
Nire jakin-mina asetzeko gogoz, Google Mapsi galdetu diot, Mexiko -Durango distantzia zenbatekoa den kalkulatzeko. Baino berak ere ez omen daki! eta ahots metalikoz erantzun dit: "Ezin dugu jarraibiderik kalkulatu kokapen hauen artean". Agian, hori eta hau, elkarrengandik urrunegi dauden seinale.
Eta bidaiaren lehen zatia, amaitu du denda batean, bera bezalako gehiagoren artean egurrezko kutxatxo baten barnean. Bera nor den esaten duen DNI-txartela gainean daukala. Producto: ahuakate. Origen: Mexico. Tipo: Ecológico.
Oporretatik bueltan izaten diren arropa zikin pila erraldoiak bezala, astero astero garbitzen dugu kontzientzia belar-dendara goazenok, nahiz eta urrezko prezioa ordaindu produktu sasi-ekologiko askorengatik (gogoratu ahuakatea Mexikotik etorri dela eta ziurrenik Premium klaseko bidaiaria izan dela). Ni bezalakoek bidaia-txartela ordaintzen diogu, ez ordea, fruitua landatu, erein eta jaso zuen hari; urrunegi baitago. Hura.
Hala ere jakin, ahuakateak nire platerean amaitu ondoren, bere azala konpostatzera eramango dudala, ekologiaren mirabe naizenez gero, ezin gutxiago espero! Eta Durangon Mekarik ez dugunez, ba kotxea hartu eta Gipuzkoara joango naiz, 5.edukiontzia edo oraindik atez ateko duen herriren bateko konposterara eramateko. Soilik horrela, bermatu ahal izango dut, ahuakatearen bizitza-zikloa erabat naturala izan dela, eta lasai lo egin.
Agian zuen buruari galdetuko diozue, eta erdiko hezurra zer? Hori, ez al du konpostatuko? Ba erdian duen hazi borobil handia, uretan jarriko dut, zuhaixka hazten hasten denean, lorontzi batean landatzeko. Ziurrenik "que voy hacer con tanto dolor" euskal mariatxi abestia entzuten dudan bitartean.
EIDER SARAGUETA
HITZEZ ETA AHOTSEZ, IV. IRRAKURRALDIA