Durangaldean jaio zein bertan bizi diren idazleen literatura aukeratu dugu 3. ediziorako. Urtarrilean eman genion hasiera herri ekimen honi, hitzaldi eta solasaldi dialogikoak egin ditugu harrez gero. Datorren barikuan berriz, jendaurreko ekitaldiarekin emango diogu aurtengoari amaiera. 6 orduz ekingo diogu. Hitzez eta ahotsez izenburuak dioen bezala, hitzak eta ahotsak izango dira nagusi. Kantuak, bertsoak eta musikak ere tartea izango dute.
Lehengo eta gaur egungo idazleen lanak irakurri edo abestuko ditugu. Xabier Amuriza, Felipe Arrese Beitia, Julene Azpeitia, Lourdes Unzueta, Ebaristo Bustintza Kirikiño, Leire Bilbao, Joseba Sarrionandia,Mila Salterain, Errose Buztintza, Unai Iturriaga, Bitaño, Luis Berrizbeitia, Andoni Urzelai, J.E. Capeau, Josu Unzueta, Manu Ertzilla, Paddy Rekalde, Arrate Mardaraz, Iñaki Irasizabal, Gaizka Zabarte edota Peru Magdalenarenak.
Idazle eta irakurleok batera jardungo dugu aurtengoan. Hainbat idazlek baieztatu du parte hartzea. Euskaltegi, ikastola, berbalagun eta barnetegiko ikasle/irakasleak ere ari dira irakurraldirako pasatu dizkiegun testuak irakurtzen eta entsaiatzen. Durangokoak ez eze, Otxandio, Iurreta, Mañaria, Izurtza, Atxondo, Elorrio, Mallabia, Ermua, Garai, Mallabia, Berriz, Zaldibar eta Zornotzako herritarrak batuko gara . Bilbo, Eibar eta Gasteiztik ere etorriko da lagunen bat.
Aurrekoetan bezala talde anitza izango da. Adin tarte zabala 15etatik 82raino. Berton jaiotakoak zein kanpotik etorritakoak. Denentzat egongo da lekua Platerueneko teilatupe zabalean.
Gure borondate eta ilusio guztia jarri dugu antolatzaileok ekimen honetan. Eskerrik asko izena eman duzuen guztioi. Denon artean ekitaldi atsegin bat burutuko dugulakoan, barikura arte.