Plazako Dantza Tradizionala ikastaroak Elorrion

Erabiltzailearen aurpegia HERRIXA DANTZAN 2016ko ira. 12a, 21:30

Seigarren urtez, aurten ere plazako dantza tradizionala ikastaroak antolatu ditu Elorrioko Udalak. Urriaren 6an abiatuko dira saioak, ekaina bitartean, eguenetan. Bi talde izango dira: 18.00etan oinarrizko maila, eta 19.30etan praktikatzen jarraitzeko dantza-txokoa. Izena emateko Iturri kultur-etxera jo behar da hilaren 19tik aurrera, arratsaldez.

Astero ordu eta erdiko saioak emango dira. Patxi Monterok jardungo du irakasle. 'Herrixa Dantzan' saioen sustatzailea da bera, eta dantza-irakasle dihardu azken urteotan Durangaldeko, Debagoieneko eta Debabarreneko hainbat herritan. Elorrion ere berak dihardu irakasle ikastaroak abiatu zirenetik.

Ikastaroetako helburua da plazako dantza sustatzea. Zehatzago, Euskal Herriko plazetan aurki ditzakegun dantza molde guztiak ezagutzea. Hala, ikastaro hauetan lantzen dira lotuan egiteko dantzak (pasodoblea, baltsa, polka, schottischa, mazurka, boleroa, habanera, tangoa), solteko dantza (trikitixa, porrusalda, fandangoa, arin-arina), dantza-jauziak, Baztango mutil-dantzak, joko-dantzak, soka-dantzak, ingurutxoak, kontradantzak, plazetan ohikoak diren hainbat dantza zehatz (Baztango zortzikoa, Axuri beltza, Bolant-dantza, Larrain-dantza, Banangoa, Binangoa...), eta hain ohikoak ez diren beste batzuk ere bai.

Hemen ikus daiteke Patxi Montero irakasleak jarraitu ohi duen egitaraua (pdf).

Dantza baino gehiago

Ikastaro hauen emaitza, ez da 'dantzan ikastea' bakarrik. Herri giroa ere bada. Elorrion, orain sei urte abiatu zirenetik, plazan dantzan egitea berreskuratu da, eta dantzarako aukera berriak sustatu dira (ikasturte amaierako jaian, San Joan suan, jaietan...).

Dantzaren aitzakian, herrigintza ere sustatu da. Herritar talde handia bildu da dantza ikastaroetan, harremanak estutu dira, berriak sortu, ikasleek antolatzen dituzte jaiak ikastaroetatik kanpo, elkartzen dira inguruko herrietako dantzaldietara joateko, parte hartzen dute herriko beste ekimen batzutan (Kainabera elkartearen jaialdian, adibidez)... eta hori guztia, euskaraz. Euskarak eremu berria bereganatu du dantza ikastaroen bueltan.

Aurtengo ikastaroetarako izena ematea irailaren 19tik aurrera egin daiteke, arratsaldez, Iturri kultur etxean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!