Arduradunek primeran azaldu ziguten zentralaren funtzionamendua. Gogoan daukat arduradun bati galdetu niola: “eta segurtasun neurriek huts egiten badute, zer”? Bere erantzuna: “hori ez da inoiz gertatuko”. Bisita ahaztezin hartan energia nuklearraren kontra jarri nintzen erabat, eta geroztik ez dut iritziz aldatu. Gainera, urte pare bat geroago (1986ko apirilaren 28an), Txernobileko istripu nuklearra gertatu zen.
Txernobileko istripuaren kausak barnekoak izan ziren: alegia, sobietarren teknologia zaharra eta segurtasun neurri txarrak. Eta epe luzeko ondorioak arbuiaturik, gobernuek zentral nuklear gehiago eraiki zituzten munduan zehar. Hala ere, 25 urte geroago, Fukushimaren istripua gertatu zen, baina orduan eragilea kanpokoa izan zen: itsasikara bat, hain zuzen ere. Gainera, jatorria zentralaren 130 km-ra zegoen.
Oraindik ez dira bete ehun urte atomoaren fisioa lortu zenetik lehenbizikoz. Hots, 1932ko apirilaren 28an Cockcroft eta Walton fisikariek aldarrikatu zuten haien aurkikuntza zientifikoa. Urte hauetan energia iturri alternatiboak garatu dira zientzia eta teknologiari esker baina, noski, garestiagoak. Zutabe honetan bertan idatzi nuen gai beraren gainean 2011n, Japoniako istripua bost hilabete lehenago gertatua zelako, eta oraindik erreaktorea ez zutelako kontrolatuta. Oraingo honetan, Txernobileko hondamendiaren 30. urteurrena hartu dut aitzakia modura, oroitzapena hona ekartzea behar beharrezkoa baita.