Difteriak eta txertoak

Duela hiru urte Txertoak izeneko zutabea idatzi nuen hementxe bertan. Orduantxe esan nuen txertoen aurkako joera sendotzea herrialde aurreratuenetan baizik ezin dela ulertu, horietan gaixotasun batzuk desagertutzat jo direlako denbora luzean. Horren ondorioz, batzuek pentsatu dute gaixotasun horiek ezin direla berragertu. Talde-babesa aipatu nuen artikulu hartan, eta azpimarratu nuen txertatu gabekoen kopurua zenbat eta altuagoa izan, gaixotasunen talde-babesa galtzeko arriskua orduan eta handiagoa dela. Komentatu nuen elgorria Europan berragertzen zebilela. Eta hori guztia ez da nire iritzia; horiek datuak eta haien interpretazio zientifikoa dira.


Zoritxarrez, txertoen gaia notizia bilakatu da azken egunetan, maiatzaren 28an difteria kasu bat detektatu zutelako Olot-en (Girona). Espainian detektatutako lehen kasua izan da 1987z geroztik. Gaixoa 6 urteko ume bat da, eta hau idatzi dudanean bere egoera larria izan da oraindik. Umearen inguruan, hamar bat lagunengan ere aurkitu dute difteriaren bakterioa, baina horiek ez dute sintomarik adierazi. Zer esanik ere ez, umea txertatu barik dago; sintomarik gabekoak, ordea, txertatuta.

Ume gaixoaren gurasoak damututa ageri dira publikoan. Seguruenik, pentsatu zuten umea ez txertatzea zela aukera hoberena. Hori ez dut zalantzan jarriko. Gurasoek erabakitzen dutenean haien seme-alabak ez txertatzea, balizko albo-ondorioak ekidin nahi dizkiete. Errealitateak erakusten duen lez, hori arrisku altuko erabakia da. Are gehiago, nik esango nuke umeak ez txertatzea erabaki ez-solidarioa dela erabat. Eta hori bada nire iritzia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!