Zarrastelkeria zientifikoa

Gizarteak dauzkan baliabideak ganoraz kudeatu beharko lirateke, baina krisialdietan inoiz baino gehiago. Horrexegatik, gizarteak hainbat baliabide inbertitzen dituenean, egokiena izango litzateke inbertsio horren mozkinak jasotzea.


Ikerkuntzan inbertitzen den kopurua eta ikertzaileen kopurua dira herrialde aurreratuen adierazleetatik garrantzitsuenetariko bi. Horrexegatik, agintari politikoek gustuko dute zifra “egokiak” ematea horren gainean. Hala ere, zifrekin tranpak egitea badago, eta horietako bat da ez bereiztea ikerkuntza militarra eta zibila. Zer esanik ez, diru publikoaz finantzatutako ikerketari buruz nabil berbetan.

Ikerkuntza zibilean gero eta ikertzaile gehiago daude langabezian, eta horretan dago diru publikoaren zarrastelkeria handia. Hots, ikertzaileen formazioaren atal nagusi bat diru publikoz egiten da, baina goi mailako profesional horiek lan bila hasten direnean, zer topatzen dute? Enpresa pribatuetan aukera gutxi dago haientzat, eta dagoenean soldata eta gaitasun profesionalak ez datoz bat. Bestalde, erakunde publikoetan lortzen dutena epe laburreko kontratuak izaten dira. Gainera, atzerrian denbora dezente eman behar dute, haien curriculumak lehiakorrak izan daitezen. Horrela, askotan, hantxe geratzen dira lanean. Beraz, atzerrian jasotzen dituzte gure diruaz ordaindutako formazioaren mozkinak.

Nortzuek diseinatzen dute politika zientifiko hau? Zeri ematen diote lehentasuna diru-banaketan? Benetan, gure ikertzaile gazteen talentua horrela barreiatzeak ez dauka zentzurik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!