Oraingo honetan, ez nintzen ausartuko txantxa pitin bat ere egitera, aurrean daukaguna ezagutzen den birus arriskutsuenetako bat baita. Izan ere, ebola hondamen handiko arma biologikoen artean dago sailkatuta. Berri “ona” da jakitea ebolak duen sakabanatzeko ahalmena ertaina dela, beste patogenoekin alderatuta.
Gehienetan ez da kontatzen ebolaren bost espezie daudela. Izena bera Kongoko Errepublika Demokratikoko Ebola ibaiarena da, han izan zelako lehen agerraldia 1976an. Espezie horri Zaire izena eman zioten, garai hartan horrela zuelako izena Kongo herrialdeak. Gainerakoak Sudan (1976an sortua), Reston (1994), Boli Kosta (1994) eta Bundibugyo (2007) dira. Hots, hilgarritasuna espeziearen araberakoa da, eta %25-90 tartean egon daiteke. Bost aldaeretatik Zaire delakoa da hilgarriena. Egungo agerraldia Afrika mendebaldarrean sortu zen 2013an, eta dagoeneko 4.000tik gora hildako izan dira. Osasunaren Mundu Erakundearen esanetan, ia 9.000 infektatu daude, baina kopuruak gora egiten du etengabe. Horiexek datuak baino ez dira. Orain ikustear dago zelan kudeatzen duten gure agintariek datorrena. Momentuz ikusi duguna lotsagarria da.