Hots, orain arte behin-behinekoa zen dekretu baten bidez arautuak izan dira produktu horiek, baina, gauza bat eta beste, behin-behinekotasun hori hogei urtez egon da indarrean. Orain, homeopatia kontsumo-produktu gisa hedatu denean, Gobernuak dio garaia dela haren merkaturatzea arautzeko behin betiko.
Gakoa da merkaturatze horretan produktu homeopatikoak botiken kategoria izango dutela. Ohiko medikamentuen erabilerari baietza emateko saio kliniko aproposak daude, haien eraginkortasun terapeutikoa baieztatzen dutenak. Produktu homeopatikoek, ordea, ez dute izango horren beharra. Mediku eta farmazialari askok horren kontrako kanpainak jarri dituzte martxan; sare sozialetan adibide asko daude. Horietako batzuk, “buru-hiltze homeopatikoak” dira. Duda barik, ideia burutsu eta xelebrea da. Helburua da frogatzea produktu homeopatikoek ez dutela inolako eraginkortasunik, ez ona ezta txarra ere. Izan ere, nire lankide farmazialari batzuk iniziatiba horietan sartuta dabiltza, eta momentuz guzti guztiak daude bizirik. Baten batek lortuko balu bere burua hiltzea produktu homeopatiko baten eraginez, lasai, abisatuko nizueke… Urte berri on!