Dudarik gabe, kirola da balio etiko askoren adierazgarria: esfortzua, auto-diziplina, adiskidetasuna, jokabidearen noblezia, eta beste hainbeste. Bestalde, lehiaketa dago, “citius, altius, fortius”, eta horrekin batera kirola espektakulo bihurtzen da, eta beraz, negozioa ere. Jakina, lehiaketa dagoenean, kirolaren balioez gain, bestelako alderdiak ere azaleratzen dira: nagusitasuna, garaipena, arrakasta, ospea, heroitasuna, trebezia, eta abar.
Aurrekoak hain dira garrantzizkoak gure gizartean, kirolari batzuek edozelan nahi dutela irabazi; eta, horien artean kirolari ez profesional asko ere badaude. “Edozelan irabazi” horretan dopina agertzen zaigu, eta horrekin batera kirolaren kontrabalioak: tranpa, iruzurra, nobleziarik eza, beheramendu publikoa, …
Dopinaren inguruan kontrol-sistema sofistikatua eraiki da, baina denok dakigu kontrol-sistema gainditzearen esangura bakarra dela kirolari horrek zerrenda batean dauden produktuetatik bat ere ez duela hartu. Eta askotan, hori ere ez, analisiak estaltzeko sustantziak ere daudelako. Laburbilduz, kontrol-sistema horrek ezin du bermatu kirolari batek ez duela hartu bere kirol-etekina hobetzeko ezer. Baina, tira, ez dezagun ahaztu dopinak ere beste industria bat sorrarazi duela bere inguruan. Agian horregatik mantentzen da gezur global hau.
Orduan, ez zen izango hobeagoa dopinaren aurkako kontrolak desagerraraztea? Ni horren alde nago. Egun, kirol profesionalak ez du inolako zerikusirik “mens sana in corpore sano” esaerarekin. Egun, kirol profesionala, industria bat da, eta kirolariek pertsona arruntok baino askoz diru gehiago irabazten dute. Beraz, norberak har dezala nahi duena, norberak jakingo du zer egin eta zer ez dirua edo eta ospea lortzeko; hori beste profesioetan ere egin behar da eta.