Anbototik ere errugbia ikus daiteke

Erabiltzailearen aurpegia Gotzon Gomez (Errugbi entrenatzailea)

Zutabe honetan errugbia hizpide izaten badut ere, oraingo honetan fokua ospakizun batean jarriko dut, Anboto astekariaren ospakizunean, 25 urte betetzea ez delako kontu makala izaten. Hausnarketa txiki bat egiteko, tartetxo bat hartuz gero, konturatu gaitezke Anbotok bere lehenengo urratsak egin zituenean, XXI. mendearen hasierako urteetan murgiltzen ginela. Gutako askok hain mitifikaturik genuen 2000. urte horren gerizpean. Mitifikazio horren atzetik hainbat faktore zeuden, Baby Boom belaunaldikoei, txikitan esaten ziguten ziurrenik XXI. mende hasieran ilargira bidaian joateko aukera izango genukeela, kotxeek berez gidatu eta hegan egingo zutela, otordu ezberdinetan jateko pilula batekin nahikoa izango zela, eta beste zenbait kontu sartu ziguten gure imajinarioan.

Gure nerabezaroan uste horiek indartzeko zine-aretoetan Stanley Kubrickek, 2001 Space Odissey pelikulan zein, Ridley Scottek, Blade Runner ekoitzitako film ospetsuetan irudikatutako egoera "futurista"; hura, buruan genituen fantasiak indartzen zituzten, baina gero unea heldu zenean, pelikuletakoa ez zetorren bat 2000. urte inguruan bizi genuen egoerarekin, beraz askorentzat usteak erdi ustel, asmatu zuen bakarra Julio Verne izan baitzen, bere liburuetan gerora asmatuko ziren asmakizun eta gailu ugari agertzen zituelako.

Hala ere, globalizatzen hasten zen mundu horretan, aipatutako igarle guztiek espazio-ontziek, bidaia intergalaktikoek etab.. aipatzen zutenek ez zuten sekula santan imajinatuko telefonoek deitzeko haratago ibilbidea eta funtzioak izango zituztela, komunikazioa ulertzeko modua guztiz irauliz. Komunikazioaz gain, komunikabideak, giza harremanak, tokiko zein munduko kulturak, kirola eta bizitzeko modua ere aldaketa horren barruan bete-betean sartu ziren, gu barne .

Ziurgabetasunez beteriko sasoi horretan Anboto jaio zen. Astekaria eta euskalduna, Erazen oinordekoa, eta mundu aldakor horretan oraindik paperezko bertsioan banatuko zena, eta zorionez gure sasoiko askorentzat, oraindik ere paperean banatzen dena. Testuinguru hori ikusirik, apustu sendoa eta ausarta egin zuen Anbotok. Barikuro eskualdeko etxeetara inguruko informazioa euskaraz helarazteko helburuarekin.

Durango Rugby Taldean hasiera hasieratik Anboto bidelagun izan dugu. Hainbeste estimatzen dugun kirola, lantzen dugun filosofia eta kirol mundua ulertzeko dugun modua zabaltzeko bozgorailua izan dugu Anboto astekaria. Hasierako urteetan partida zein antolatutako ekintzen berri ematen zituen, geroago harremana estutzen joan ginen, adituaren txokoa edo jokaldia zutabearen bidez, hor izan dugu gure txokoa 20 urtetan, errugbia eta euskara uztartzeko eta sustatzeko aukera. Espazio itzela izan da errugbiaren inguruko, ezagutza, baloreak, bitxikeriak lau haizeetara zabaltzeko. Guztira errugbiarekin zerikusia duten 75 kolaboraziño inguru izan dira Anboton argitaratutakoak, lerro horien bitartez All Blacks nortzuk diren eta haka dantza zer den,  jokoan epaileak duen garrantzia zein jokalariek erakusten dioten errespetua, txapelketa nagusien gorabeherak, errubiaren inguruko bitxikeriak, eskualdeko klubetako egunerokotasuna zein errugbi eskoletako garrantzia hobeto ezagutzeko erakus-leihoa izan da Anboto astekaria.

Gurea kirol txikia dela argi dugu, batez ere jokalarien fitxa kopurua alderatzen badugu beste hainbat kirolekin, baina jokalari, guraso, lagun, babesle eta zale guztiek handia egiten dute errugbia. Aurtengoa gurean ere urte berezia da, Durango Rugby Taldeak 40 urte betetzen baititu, baina horretaz ziurrenik aurrerago hitz egiteko aukera izango dugu, oraingoan garrantzitsuena Anboto astekariaren 25 urteak dira.

Ospakizun hau, ibilbide luzearen inflexioa izan dadila, pilak kargatu, indartu eta urte askotan jarrai dezazuen eskualdeko berriak, proiektuak, jaiak, kirol ekintzak, arte ikuskizunak, pertsonen zein taldeen lorpenak eta bizipenak zabaltzen. Zuen presentzia derrigorrezkoa baita gure eskualdearen ikuspegi zabala eta hurbila izateko, eta nola ez, gurea bezalako klubek ezinbestekoa duten presentzia eta ikusgarritasuna izan dezaten. Zorionak Anboto eta urte askotarako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!