Epailearen garrantzia

Erabiltzailearen aurpegia Gotzon Gomez (Errugbi entrenatzailea)

Urte batzuk eman ditut errugbian jokatzen zein entrenatzen, nagusi zein gazteei, eta beti ahalegindu naiz epailearen garrantzia azpimarratzen, epailerik ez badago ezin da jokatu. Arau txikia izanik, ezinbestekoa da edozein kirola arautzeko, eta jokalari guztiek berdin joka dezaten.

Burutik askotan izan dut galdera bat, noiz eta nola agertu ziren epaileak kirol munduan, eta nire kasuan non du jatorria epailearen agerpena errugbian.

Udan, Horacio Simonen oso artikulu interesgarria irakurri nuen epaile edo arbitroen inguruan. Horacio Simon epaile argentinarra da, gaztetan lesio larria izan zuen eta jokatzeari utzi behar izan zion. Ondorioz epaile lanetan hasi zen 1977. urtean 50 urte ondoren, oraindik ere, Argentinako Errugbi Elkartearekin (UAR) aritzen da epaile gazteei irakasten.

Errugbiaren hastapenetan epaileak ez ziren existitzen eta urte asko igaro ziren epailearen irudia jokoan agertu zenetik. Hasierako urte horietan, arauak bi kapitainek adosten zituzten, eta beraiek zuzentzen zuten partida. Bitxia bada ere, horrek bultzatu zuen "abantailaren lege" ospetsua sortzea; izan ere, talde ez-arau-hauslearen kapitainak atzeratu egiten zuen partida gelditzearen erabakia, baldin eta berak gidatutako taldearentzat jokoaren alderdiren batean onuragarria bazen.

1871n, Rugby Football Uniona sortu zen, Ingalaterrako eta munduko errugbi kluben lehen erakundea, jokoaren arauak eta legeak bateratzeko asmoarekin. Baina 1892an gertatu zen partida ofizialetan epaile nagusia zein bi laguntzaileen edo toucheko epaileen figura ezartzeko beharra , partida batean bi kapitainen arteko eztabaida sutsua sortu baitzen entsegu bat gauzatu zuten ala ez erabakitzeko, ez ziren ados jartzen eta desadostasun horrek konponbidearen beharra ekarri zuen. Une horretatik aurrera, epailea dugu errugbiko erreferentea nagusia, bera baita errugbiko topaketa batean ordena ezartzen duena, legeak eta arauak objektibotasunez aplikatuz.

Nolako profila izan beharko luke epaile batek? Nire ustez edozein kiroletako lanik gogorrena, arbitroa izatea da, eta argi daukat ez dela edozeinentzat. Odol hotzeko pertsona izan behar du epaileak, arauen ezagutza sakona behar du 30 jokalariren aurrean jartzeko (gehienetan bera baina askoz handiagoak) eta arau-hauste bat egin dutela esateko. Denen begietara dago baina ezin daiteke ikuskizunaren protagonista izan, bestela jai daukagu. Akatsak egiten duenean onartzeko apala izan behar du, baina era berean zorrotza zelai barruan zein inguruan dauden guztiek bere erabakiak errespeta ditzaten.

Azken urteetan teknologia erabiltzen hasiak dira ia kirol guztietan. Errugbia aitzindaria izan zen beste kirol batzuekin alderatuz, telebistaren eta bideo-arbitroaren (TMO) erabilera Pretorian (Hegoafrika) hasi zen 1995ean, Blue Bullsek jokatutako Carlton Leagueko finalean. Tappe Henning izan zen epailea. 1996ko hasieran, Toyota Kluben arteko Txapelketan erabili zen Durbanen, Johan Gouwsen zuzendaritzapean.

World Rugby Uniona 2001ean hasi zen TMO era sistematikoan aplikatzen, eta bakarrik entseguekin lotutako jokaldietan. Pixkanaka, jokoaren beste ekintza batzuetan erabiltzen joan zen. Ildo horretan, 2015eko Ingalaterrako Munduko Txapelketak zalantzarik gabeko beste urrats bat ekarri zuen. Han agertu zen Belatz Begia, errugbiari aplikatua, TMOaren euskarri gehigarri gisa balio izan zuena eraginkortasun eta zehaztasun handiagoa lortzeko.

TMOaren funtsa argi eta garbi dago: epaileak araudira gehien egokitzen diren erabakiak har ditzan lortzea. Berak du azken hitza, eta berak eskatzen du TMOa martxan jartzea. Teknologiara ere jo daiteke bideo-ofizialak erreferentzia hori urratu dela jakinarazten badu. Eta futbolarekin ez bezala, errugbian ikusleen aurrean egiten da berrikuspena, berdin dio azken erabakia onartzea edo ez.

Argi dago teknologia lagungarria izan daitekeela jokaldi eztabaidatsuen aurrean erabaki zuzenena hartzeko, baina epailea da jokoa gidatu behar duena. Argi daukat epaile ona izan ahal izateko, prestakuntza ezinbestekoa den moduan, norberaren bokazioa ere funtsezkoa dela, ahaztu barik jokalarien eta ikusleen errespetua, eta esparru honetan badago zeregin handirik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!