Haize freskoa errugbian

Erabiltzailearen aurpegia Gotzon Gomez (Errugbi entrenatzailea) 2026ko apirilaren 30a

Azken urteotan, kirol gehienetan, aldaketa ugari izan dira, eta errugbiak ez die aldaketa hauei ihes egin. Direla urte batzuk profesionalizazioa etorri zen, beste kirol batzuen bidea jarraituz. Hasiera batean gizonezkoen lehiaketetan, ondoren emakumezkoetan. Adibide garbia dugu Sei Nazioen txapelketa: maila itzel igo da, fisikoki zein trebetasun teknikoetan, jokalariek beraien jardun osoa errugbiari begira dutenetik profesionaltasunari esker.

Jokoan eta arauetan ere aldaketa sakonak ezarri dituzte jokalarien osasuna babesle aldera. Epaileek ere teknologiaren laguntza dutenetik ziurtasun gehiagorekin aritzen dira, aipatu beharra dago errugbia aitzindaria izan zela baliabide teknologikoen erabileran, eta adituen ustez jokoaren mesederako izan da, sasoi bateko joko zikina eta bortizkeria gutxitu direlarik.

Epaileen artean, zorionez, aldaketa nabariena emakumezkoen agerpena izan da, eta nik izen bat aipatu nahiko nuke, Hollie Davidson epaile eskoziarra, hesiak apurtu eta bidea zabaltzen ari delako. Hollie epaile lanetan aritu aurretik jokalaria izan zen. Eskoziako Ligan
aritutakoa, eta selekzioarekin debuta egiteko aukera izango zuela ematen zuenean, sorbaldan izandako lesio larri batek rol aldaketa egitera behartu zuen eta epaile lanetan hasi zen. Egia esan, jokalari ona galdu baina epaile handia irabazi genuen.

Otsailaren 14an, Dublingo Aviva estadioan 150 urteko historia duen Sei Nazioetako errugbi txapelketan, aurreneko aldiz emakumezko batek gizonezkoen partida zuzentzeko ardura hartu zuen, Irlandako eta Italiako selekzioen artekoan. Baina bere ibilbidean ere une garratzak eta mingotsak bizi izan ditu.

Davidsoni egokitu zitzaion, baita ere, errugbiko Challenge Cupeko final bat zuzentzen zuen lehen emakumea izatea. Iazko final horretan, Lyongo frantziarrak eta Batheko ingelesak lehiatu ziren, eta Finn Rusell, Davidsonen herrikideak eta Eskoziako selekzioko izarrak bertan jokatu zuen Bath taldearekin. Partidako 26. minutuan Sam Underhill jokalari ingelesak eta David Niniashvili Lyongo jokalari georgiarrak buruarekin tope egin zuten. Jokaldia behin baino gehiagotan aztertu ondoren, Davidsonek txartel horia zigor nahikoa zela erabaki zuen, eta arauzko 10 minutuko zigorra jaso zuen Bath taldeko hirugarren lerroak. Ez zen lehen aldia Holliek bere burua halako egoeran ikusten zuena, lehiaketa bereko final zortzirenetako beste partida batean, Pau talde frantziarraren aurkako partidan, Underhilli txartel gorria erakutsi zion eta ondorioz zelaitik kanporatzeaz gain hiru asteko zigorra izan zuen.

Hurrengo asteetan, ospe handiko hainbat jokalari, besteak beste Lawrence Dallagliok, Ingalaterrako kapitain ohiak, zalantzan jarri zituzten Davidsonen erabakiak hartzeko irizpideak. Zergatik antzeko egoeren aurrean erabaki ezberdinak hartu zituen?Gero, Nazioarteko epaileen erakunde zigortzaileak Underhilli lau asteko zigorra ezarri zion jokatu gabe, uste baitzuen plakatze arrisku ertainekoa izan zela. Davidsonen inguruan eztabaida mediatikoa zabaldu zen eta handik egun batzuetara epaile eskoziarrak adierazpen batzuk egin behar izan zituen "Irizpide akatsa egin nuen bi jokalariren arteko buruz buruko kontaktuan, eta lokatzak nire izena eraman zuen".

Kexa ez zen bat-batekoa izan. Egoera jasanezina egin zitzaion, irainak gero eta larriagoak zirelako, eta bere familiak ere sare sozialetan sekulakoak entzun behar izan zituen. Horrek, hala ere, indartsuago bihurtu zuen. Lehen aipatu bezala otsailaren 14an errugbiaren historian sartu zen. Bi hilabete geroago, apirilaren 18an historia egiten jarraitu zuen eta Frantziako Top 14ko partida bat zuzendu zuen lehen emakumea izan zen, Clermont eta Lyon taldeen artekoa.

Bere helburuen artean, datorren urtean Australian jokatuko den Munduko Kopan aritzeko aukera izatea litzateke. Ez da erronka makala, baina kontuan izanik azken bi urte hauetan erakutsi duen maila eta oraindik oso gaztea dela, aurten 34 urte beteko ditu, edozer gauza gerta daiteke. Bejondeizula Hollie!!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!