Aurtengoak aurreneko edizioetako marka guztiak hautsi ditu. Ikusleek erositako sarreren kopuruak, aurreko Munduko Txapelketakoa (Zeelanda Berrian) hirukoizten du. Arrakastaren adibide garbiena honako hau da: emakumezkoen Munduko Txapelketa Ingalaterran jokatu zen azken aldian (2010) finala Twickenhamen ondoko zelaian jokatu zen 13.253 ikuslerekin, eta oraingoan partida erabakigarriena errugbiaren katedralean jokatu da, 81.885 ikusleren aurrean. Aipatu behar da anfitrioia finalean izan zela. 5.8 milioik sintonizatu zuten Munduko Kopako finala BBCn. Emakumezkoen errugbi partidarik
ikusiena izan zen Erresuma Batuko telebistan, baita urteko Erresuma Batuko errugbi partidarik ikusiena ere.
Zenbakiak aztertuz gero, antolatzaileen esanetan 440.000 sarrera baino gehiago saldu dira, inoiz lortutako emaitzarik altuena. Ikusleen % 53 emakumeak izan dira, eta horietako asko errugbi partida bat ikustera joaten ziren lehen aldia zen.
Bigarren aldaketa nagusiena, irabazlearen aldaketa da. Ingalaterrak edizio honetan bere nagusitasuna erakutsi du, finalean Kanada 33-13 mendean hartuz. Dagoeneko 33 partida jarraian darama galdu barik. Ingelesek 11 urte itxaron behar izan dute koroa berreskuratzeko. Tartean bi final galdu zituzten Zeelanda Berriaren aurka (2017 eta 2022an). Black Ferms bezala ezagutzen direnek hirugarren postuarekin konformatu behar izan dute, Kanadaren aurka finalerdia galdu ostean.
Sakoneko hirugarren aldaketa profesionalizazioan emandako urratsak izango lirateke. Bide honetan Ingalaterra aitzindaria dugu, duela ia hamarkada bat kontratu profesionalak sinatu zituen bere jokalariekin, gizonezkoen antzera. Ahalegin ekonomiko horrek, itxuraz, onurak eta fruituak ekarri dizkio. Baina bide hau zabaltzen ari da, edo Ingalaterrako kasua uharte bat da itsasoaren erdian?
2019ko urtarriletik aurrera, emakumezkoen errugbi selekzioko 28 jokalari onenek 27.000 liberako lanaldi osoko kontratuak dituzte urtean (30.000 euro inguru). Soldata astronomikoak izan gabe, 'sare arrosak'; (selekzioen errugbian ezagutzen diren bezala)kiroletik bizi daitezke. Nahiko normala izan beharko lukeena, tristuraz, ezohiko pribilegioa da. Ingalaterrako emakumezkoen errugbi selekzioa profesionalizatuta dagoen munduko bakarra da.
Beste herrialde batzuk ingelesek zabaldutako bidea jarraitu dute, Frantzian Elite izeneko txapelketan 10 talde lehiatzen dira, eta bertoko jokalari askok profesionalizazio bidea hasita dute. 2022an Zeelanda Berrian Super Rugby Aupiki delakoa sortu zuten eta horietako asko soldatapekoak dira, Australian ere NRL Women`s Premiership oraindik erdi-profesionala den txapelketa martxan ari da.
Azken urteetan Durango Rugby Taldearen harrobitik maila handiko jokalariak irten dira, horren adibide garbiena lau jokalari ditugula Getxo Rugby taldean ohorezko mailan jokatzen, Joana Murray, Ane Diez, June Larrañaga eta Naroa Azpitarte. Eider Garcia berriztarra ere, Ingalaterran Munduko Kopan izan da Espainiako selekzioarekin, eta egun Frantziako Lyon taldean ari da jokatzen.
Agian hastapena baino ez da, baina argi dago emakumezkoen errugbian aldaketak datozela.