Oraingoan lizentzia txikia hartuta ez dut errugbia hizpide izango. Zergatik? Xabier Lizardi poeta handiak idatzi zuen bezala nik ere bihotzean min dudalako, mina eta hutsune handia eta lerro hauen bidez aitari omenaldia egin nahi diot.
Orain dela gutxi joan zaigu, saminez eta tristuraz beterik banago ere, aldi berean poztasuna eta harrotasuna ere sentitzen dut nire barnean. Argi baitut naizen moduan banaiz, hein handi batean berari esker dela. Aitak hainbat kontu erakutsi zizkidan bere ibilbidean, erabilgarriak izan daitezkeela bizitzarako zein kirolerako. Hona hemen labur bilduta.
Lehenengoa, lanarekiko jarrera . Pertsona gutxi dira bizitza honetan arlo guztietan distira erakusteko gaitasuna dutenak, ingurukoak aho zabalik utz dezaketenak, beraz, gainerakook arlo jakin batean maila eman nahi badugu, daukagun bide bakarra esfortzua eta lanarekin lotuta egongo da. Ordu asko eman beharko ditugu entrenatzen su eta gar, ahalegin handiak eta izerdi ugari bota beharko dugu, gerora fruituak lortu ahal izateko.
Bigarrena, ez etsi. Aurrekoarekin lotura zuzena duen arren, badu bere berezitasuna eta zehaztasunak. Aitaren hitzetan etsipena ez litzateke egon behar gure hiztegiaren barruan, etsi egiten badugu jai daukagu. Azken momentu arte hor izan behar dugu. Ekin, ekin eta ekin. Partidak zein bizitzak beti aukerak ematen dizkigu egoera buelta eman ahal izateko, horretarako zazpi begiekin egon behar dugu eta sekulan ez ditugu besoak jaitsi behar, beti aurrera, esaten den moduan jotake irabazi arte, hor dugu arrakastaren seinale argia.
Hirugarrena, errespetua. Txikitatik errepikatzen zidan hitza. Errespetua kirolean, errespetua bizitzan eta errespetua pertsona guztiekin. Onartu behar daukat zaila egiten zaigula beti mantentzea, eta egoera batzuetan zaila baino gehiago, baina jakin egin behar da galtzen eta egokitzen zaigunean irabazten ere, egoera guztietan begirunea mantenduz. Galtzen jakitea ezinbestekoa zaigu, batez ere irabazten dugunean garaipenaren zaporea dastatu ahal izateko eta lortutakoa gehiago disfrutatzeko. Era berean irabazten jakitea ezinbestekoa da, kirolean aurkaririk ez badago partidarik ez dagoelako. Ideia honekin bukatzeko nola ez, errespetua epaileari, beraiek ez baleude jokatzea ezinezkoa litzatekeelako, baina kirol batzuetan ia ezinezkoa bihurtu da.
Bukatzeko, bereak beti zuen buruan disfrutatzearen ideia, zerbait egiten dugunean disfrutatu behar dugu. Gozatu minutu bakoitza, batez ere zelai barruan dena eman eta hustuta bukatu duzunean helburua lortu ahal izateko. Barruan duzun guztia ematen dugunean, orokorrean poza eta harrotasunak betetzen gaitu. Irabaztea polita da, dudarik gabe, baina lehia gogor batean dena eman duzunean, barnean duzun sentsazioa itzela da. Taldearen mesederako justu eta lehiakorra zarenean, hori ezin daiteke hitzekin deskribatu, taldekideekin begiraden bitartez antzematen da, konplizitatearen bidez. Batzuetan galdu arren, zelaian zein bizitzako arlo askotan, gauzak ondo egindakoaren sentsazioarekin geratzen gara, eta hori asko da, behintzat niretzat.
Hona hemen aitari eskainitako esker oneko lerroak, Serafin Jauna handia izan zarelako, bejondeizula eta euskal lurrak gozo har zaitzala!!