Ziklo aldaketa

Amaitu berri den sei nazioetako txapelketak ipar hemisferioko errugbian ziklo aldaketa gertatzen ari dela erakutsi du. Hasteko, txapeldun berria dugu, Frantzia. Baina azter ditzagun izenburuaren arrazoiak.

Irlandaren ereduak dituen ahuleziak agerian utzi ditu, batez ere Frantziaren aurkako partidak. Aitortu beharra dago, Hego Afrikako eredua hartuta Andy Farrellek talde indartsua eratu duela azken lau urte hauetan. Munduko talderik onena izatea lortu arte. Tarte horretan hiru garaipen lortu zituen All Blacksen aurrean, meritu handiko garaipenak HegoAfrika zein Ingalaterraren aurka, eta Sei Nazioetako irabazlea izan zen 2023. eta 2024. urteetan. Baina Jhonny Sextoren erretiroak zein jokalari beterano batzuen errelebo faltak Frantziak gainetik pasatzea ekarri du edizio honetan. 

Frantziaren kasuan, aspaldiko partez belaunaldi itzela du. Goi mailako 40 jokalari edo gehiago ditu. Munduko jokalaririk onena, Antoine Dupont, Ramos eta Bielle Biarrey izar berria, baina ia bi urte behar izan ditu etxean jokatu zuten Munduko Txapelketako porrot handia gainditzeko. Kale egin zuten mimoz prestatutako txapelketa hartan, eta burua ateratzea kostata lortu badute ere, hurrengo urteetan Frantzia izango da garaitu beharreko taldea. Indarra, abiadura eta talentua uztartzen dituen taldea delako. 

Italia dugu, nire ustez, hurbiletik jarraitu beharreko taldea. Azken hiru urteetan asko hobetu du bere jokoa. Dagoeneko jokalari batzuk elitean ditu Europako klub garrantzitsuenetan jokatzen, adibidez Ange Capuozzo Stade Toulousain handian; gainera, beheko mailetan garaipen garrantzitsuak lortu dituzte azken urte hauetan. Galesen aurka garaipena lortu dute, eta Frantziak aise garaitu zuen arren, Irlanda, Ingalaterra eta Eskoziaren aurka partidu onak jokatu ditu. Oraindik hobetzeko tarte handia duen taldea dela uste dut. 

Eskoziak ere itxura ona du, baina ez du lortzen beraien jokoan eztandarik egitea. Partidu onak jokatzen dituen arren, urte batzuk daramatza goia jo barik, potentziala duela uste dut, baina… agian XV lehiakorra du, baina gero aldaketek ez dute maila ematen, eta askotan bigarren zatian taldeak kale egiten du.

Ingalaterrak jokatzeko modua aldatzen ez badu jai dauka, behintzat hori da nik uste dudana. Edizio honetan Frantzia garaitzea lortu duen talde bakarra izan den arren, ematen du eskuko frenoa jarrita jokatzen duela, sekula ez du jokoaren ardura hartzen, ez du eskemarik, hobe esanda badu eskema, aurkarien hutsegiteei itxarotea eta hortik etekina ateratzea. Steve Borthwickek zuzentzen duen taldeak joko zikoitza eta aspergarria erakusten du. Taldean talentu handiko jokalariak izan arren, entrenatzailearen sistemaren menpean daude. 

Amaitzeko, Gales daukagu. Ez dira garai onenak herensugearen XVerako, Warren Gatland entrenatzailea aldatu behar izan dute emaitza txarrak ikusita, hau da, partidu guztiak galdu dituzte zurezko koilara eskuratuz. Trantsizio sasoian daude, eta urte batzuk beharko dituzte egoerari buelta emateko.

Denborak eman eta kendu egiten du arrazoia, ikusiko dugu aipatutako guztia gauzatzen den edo irudipen bat besterik ez den izan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!