Horrela gauzatuko balitz, berri itzela litzateke, goi mailako talde ugari izango genituzkeelako gure artean, besteak beste Zeelanda Berria, Hego-Afrika, Australia, Ingalaterra, Argentina, Frantzia, Eskozia, Irlanda, Gales... Etorkizuneko errugbi izar handiak ikusteko aukera paregabea litzateke, normalean eskuragarri ez dugun kirol ikuskizunaz gozatzeko abagune ezin hobea.
Aurreneko aldiz jokatu litzateke halako txapelketa gure lurraldean, eta dudarik gabe, honek sekulako onurak ekarriko lituzke hainbat esparrutan. Zeintzuk lirateke onura horiek?
Alde batetik errugbiaren ikusgarritasuna. Halako jarduera batek komunikabideetan ohikoak ez diren tarteak ekarriko lituzke maite dugun kirolerako. Argi dago komunikabideetan, eta batez ere telebistan, hiruzpalau kirol, besterik ez, dutela kalitatezko tarteak, zehazte aldera futbola, saskibaloia, txirrindularitza eta euskal pilota direla aipatuko nituzke. Hortik kanpo, zailtasun handiak dituzte gainerako kirolek telebistako pantailetan noizean behin
agertzeko.
Halako nazioarteko txapelketa batek, ziurrenik, errugbiari ate asko zabalduko lizkioke, partidak zuzenean zein telebistaren bidez ikusteko aukera egongo litzateke, normalean hurbiltzen ez diren ikusleak ere bertaratuko lirateke zelaietara, horren adibide garbia orain direla urte batzuk San Mamesera Europako txapelketaren bi finaletara hurreratutako jendetza dugu, horietako askok aurreneko aldiz ikusi zuten goi mailako errugbia.
Ikusle gehiago erakartzeaz gain, halako ikuskizuna aukera paregabea litzateke errugbia zabaltze prozesuan. Azken urteetan fitxa kopuruetan gorakada egon bada ere, arduradunen esanetan errugbiak ez du oraindik lortu esperotako zabalkundea, eta aipatutako nazioarteko txapelketa honek lagundu dezake garapen prozesu honetan.
Halako nazioarteko topaketa bat antolatzeak, herri mailan ere onurak ekar ditzake. Kirol instalakuntza egokiak ditugu (goi mailako zelaiak), azpiegitura ugari: hotelak zein ostatuak, jatetxeak eta tabernak, garraio publikoak... Ekitaldi hau nazioarteko erakusleihoa izango litzateke, euskal gizarteak munduari eman dezakeena egiaztatzeko, eta bertan ere ekitaldi handiak antolatzeko gai garela erakusteko.
Era berean, gure herriak duen historia, ohiturak, kultura eta aberastasuna zabaltzeko aukera ezin hobea litzateke. Mundu zabaleko komunikabideek bozgorailu itzela izan daitezke gureak diren arlo horiek ezagutarazteko prozesuan.
Aurretik gogoratu 2026. urteko udaberrian kluben arteko finalak San Mamesen izango ditugula, 2018. urtean lortutako arrakasta errepikatzeko asmo berberarekin antolatu dituzte, beraz beste hitzordu garrantzitsua dugu datorren urteari begira, epe laburrean sarrerak salgai jarriko dituzte eta adi egon beharko dugu.
Amaitzeko, eskaera bat besterik ez nuke egingo, agian desira utopikoa besterik ez dena, hoteletako arduradunek eta ostalariek zintzotasunez joka dezaten, eta gehiegizko prezio-igoerarik ez ditzaten egin aurrekoan egin zuten bezala, esaera zaharrak dioen bezala zekenkeriak zakua hausten duelako, eta hori da gerta daitekeena zuhurtziaz jokatzen ez badute.