Kirolak hesiak bota ditzake

Duela gutxi partida baten atsedenaldian, errugbi zale batek halako galdera luzatu zidan: zergatik futbolean Ipar Irlandako taldeak eta Irlandako taldeak banaturik jokatzen dute, baina errugbian batera aritzen dira? 

Hasieran ez nion ezer esan, erantzunik ez nuelako, baina jakinmina piztu zitzaidan eta ikertzeari ekin nion. Itxuraz sustrai historikoak dituen kontua da. Irish Rugby Football Union (IRFU) 1879an sortu zen, Irlandako banaketa politikoa baino askoz lehenago.

Garai hartan, Irlanda erakunde bakarra zen, hori bai britainiarren mendean zegoen. Irlanda geroago banatu zuten, batetik Irlandako Errepublika eta bestetik Ipar Irlandan. 1922an Irlandako Estatu Askea sortu zen, geroago 1937an Irlandako Errepublika bihurtu zena. Banaketa politikoa indarrean egon arren, IRFUk bere horretan jarraitu zuen, errugbian Irlandako uharte osoa ordezkatuz, eta talde bakarra moduan jokatzen jarraitu zuten. Kirolak politikak banatu zuena, mantentzen saiatu zen.

Geroztik, errugbian Ipar Irlandak eta Irlandako Errepublikak elkarrekin jokatzen dute bateratutako talde batean, ordea, futbolean talde bi ditugu, bata Ipar Irlanda eta bestea Irlandako Errepublika ordezkatzen duena.

Errugbiarekin jarraituz, Irlandako uhartea lau probintziatan banatuta dago: Ulster, Munster, Connacht eta Leinster. Hauek dira Irlandako probintzien lau izen nagusiak: eta azken urteetan Europako errugbiko txapelketa nagusietan toki nabarmena lortu dute, batez ere Leinster eta Munster.

Ipar Irlandan, Belfastteko Kingspan Stadiuman Ulster taldeak jokatzen du. Uhartearen beste aldean, Atlantikoko Kostaldeko Ibilbidean, Limerick konderrian. Thomond Park zelaia Munsterren egoitza da. Mendebaldeko kostaldean, Irlandako mendebaldeko Galwayko Sportsground-en Connatch taldea dugu. Azkenik, probintziako laugarren taldea Dublinen dago, bertan lau alditan Europako kluben txapelduna izan den Leinster taldearen egoitza dugu.

Irlanda biak ordezkatzen duen taldeak bandera propioa du Lau Probintzietako Bandera izenekoa, hirusta erdian eta honen inguruan, uharteko lau probintzia historikoen armak dituena: Connacht, Leinster, Munster (Irlandakoak) eta Ulster (Erresuma Batukoa eta Errepublikakoa). Bakarrik partidak Dublinen jokatzen direnean bandera horren ondoan Irlandako Errepublikakoa jartzen dute. Lau probintzietako ordezkariak daude taldean, eta zaleek gogotsu animatzen dituzte jokalari guztiak, edo behintzat hori izan da nire esperientzia taldea jokatzen ikusi dudan bakoitzean.

Ereserkiei dagokienez, 1995a baino lehen, talde honen nazioarteko partidak txandaka jokatzen zirenean, Belfast eta Dublinen artean, "God Save the Queen"; britainiarra (Jainkoak Erregina Salba dezala) Belfasten entzuten zen partiduen aurretik, eta irlandarra, "Amhrán na bhFiann" (Soldaduaren abestia) Dublinen. Atzerriko partidetan, ez zen ereserkirik jotzen.

1995eko apirilaz geroztik, eta arazo hori konponbidea emateko, Irlandako Errugbi Batasunak ereserki bat sortzea proposatu zuen, Irlandako Errepublikatik kanpoko topaketetan erabil zitekeena, "Ireland´s Call" (Irlandaren Deia), Dublinen ere erabiltzen ari dena "Amhrán na bhFiann" ereserki nazionalaren ondoren. Ereserki bera erabiltzen hasiak dira batera jokatzen duten beste kirol batzuetan, besteak beste cricket kirol ezagunean.

Irlandako kasuaz gain, oso ezaguna da Nelson Mandelak Hegoafrikan apartheid-arekin amaitzeko gidatu zuen adiskidetze prozesuan errugbiak izan zuen berebiziko eragina. Bertan jokalari hegoafrikarrek oso paper garrantzitsua izan zuten Hegoafrikako historiaren une erabakigarri horretan. Hurrengo batean, xehetasun
handiagoz kontatuko dugu istorio hunkigarri hau.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!