Kirola euskararen arnasgunea

Azken urteetan kezka handia sortu da eragile askoren artean euskararen erabileraren inguruan. Eskolan edo geletan, euskara formalaren irakaspena eta erabilera da hein handi batean bideratzen dena, eta gazteentzat esparru informalak ere bideratu beharko genituzke.

Kirol elkarteek, erakundeek eta gurasoek norabide berdinean joateko ahalegina egin beharko lukete, baina bakoitzak bere ardurak hartuz. Hori horrela izanda, kirol erakundeek (Durango Rugby Taldeak kasu honetan) ezin dituzte gazteak ibilbide honetan partaide izan daitezen derrigortu; baina bai gonbitea egin. Euskararen bide zoragarri honek dituen onurak erakutsi, zabaldu, eta ibilbide honetan kirol elkarteak eta familiak eskutik helduta joanez gero, umeak edo gazteak jasoko ditu onura zein fruitu guztiak: kirola euskaraz bizitzeko aukera zoragarria. 

Durango Rugby Taldean aspalditik egin genuen euskararen aldeko hautua, batez ere Errugbi Eskolan. Argi genuen kirola eta balioak sustatzeaz gain, gurea ere bazela euskara bultzatu eta indartzearen ardura. Gure hizkuntzak bizi duen egoera ikusita, agente aktiboak izan behar genuen, ez bakarrik komunikazio esparruetan, barneko funtzionamenduak ere bide berbera jarraitu behar zuen, eta lehen aipatu dudan bezala Errugbi Eskolak lehentasuna zuen.

Dudarik gabe, euskararen zabaltze eta indartzean ume eta gazteengan eragiten duten arlo eta eragile guztiak aktibatzea ezinbestekoa da. Hortik doa, gaur egun, kirolak, eta gure kasuan DRTk duen erronka nagusietako bat, nola lortu gure eskaintza benetan euskaraz eta eraginkorra izatea euskararen normalizazio eta finkatze prozesu honetan. Hor dugu hurrengo urteetan landu beharreko esparrua, eta dudarik gabe kirol elkarteok bidelagun izan beharko ditugu erakundeak, gure kasuan federazioa, udala eta aldundia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!