Kirola euskararen arnasgunea

Azken urteetan kezka handia sortu da eragile askoren artean euskararen erabileraren inguruan. Sasoi bateko indarrak, ahaleginak eta motibazioa geldotu dira, eta horrek ekarri du toki askotan herritarrek ezagutzea, baina askotan ez erabiltzea, egoera hori gertatzen ari da betiko esparru erdaldunetan zein euskaldunetan, eta batez ere gazteen artean. 

Itziar Larzabal Pedagogian lizentziatua da, euskararen erabilera modu praktikoan eragitera bideratutako estrategia eta tresnetan aditua. Bere esanetan, eskolaren esku uzten dugu askotan euskararen ikasketa eta euskararen erabilera bultzatzea, baina argi dago eskolak ere bere mugak dituela, eta ezinbestekotzat jotzen du denok konturatzea eskola ez dela gure seme-alaba edo ikasleengan eragiten duen erakunde bakarra. Hainbat dira eragileak (gurasoak, aisialdiko eta kiroletako hezitzaileak, irakasleak…eta gizartea bere osotasunean hartuta), eta esparru bakoitzean eragile horiek aktibatu beharko lirateke, eta bakoitzak dagozkion ardurak hartu.

Ikerketen arabera eskolaren muga nabariena bere eragite esparrua da, batez ere denborari dagokionez. Ikasleek urte beteko esna dauden orduen %15 ematen dute eskolan, gutxi gorabehera, eta tarte horretan eragin dezakete irakasleek, baina argi dago hori ez dela nahikoa, hori bakarrik ez behintzat. Eskolan edo geletan, euskara formalaren irakaspena eta erabilera da hein handi batean bideratzen dena, eta gazteentzat esparru informalak ere bideratu beharko genituzke.

Nola eragin dezakete egoera informal horiek euskararen erabileran?
Kirol elkarteek, erakundeek eta gurasoek norabide berdinean joateko ahaleginak egin beharko lituzkete, baina bakoitzak bere ardurak hartuz. Hori horrela izanda, kirol erakundeek (Durango Rugby Taldeak kasu honetan) ezin dituzte gazteak ibilbide honetan partaide izan daitezen derrigortu; baina bai gonbitea luzatu. Euskararen bide zoragarri honek dituen onurak erakutsi, zabaldu, eta ibilbide honetan kirol elkarteak eta familiak eskutik helduta joanez gero, umeak edo gazteak jasoko ditu onura zein fruitu guztiak: kirola euskaraz bizitzeko aukera zoragarria. 

Durango Rugby Taldean aspalditik egin genuen euskararen aldeko hautua, batez ere Errugby Eskolan. Argi genuen kirola eta balioak sustatzeaz gain, gurea ere bazela euskara bultzatu eta indartzearen ardura. Gure hizkuntzak bizi duen egoera ikusita, agente aktiboak izan behar genuen, ez bakarrik komunikazio esparruetan, barneko funtzionamenduak ere bide berbera jarraitu behar zuen, eta lehen aipatu dudan bezala Errugby Eskolak lehentasuna zuen.

Ibilbide honetan beti suertatzen dira zalantzak, batez ere hizkuntza erabakiak hartu behar direlako, batzuetan ezagutza falta egoten da partaideen partetik, hau da monitore, entrenatzaile eta guraso guztiak ez dira euskaldunak, bestetan, erabakiak hartzeko orduan ezinegonak suerta daitezke. Esparru honetan kezkak mota askotakoak izan daitezke, komunikazioa nola gauzatu, entrenamenduak nola prestatu eta garatu, berariazko hiztegia nola erabili, gurasoekin harremana nola bideratu; gainera bertan hainbat faktore sartzen dira jokoan, jokalarien adina, herri edo klubaren egoera soziolinguistikoa, familiaren tipologia e.a.

Kirolak lagundu dezake euskara zabaltze eta indartze lan honetan?
Dudarik gabe, lehen aipatu dugu,  euskararen zabaltze eta indartze prozesu honetan ume eta gazteengan eragiten duten arlo eta eragile guztiak aktibatzea ezinbestekoa dela. Are gehiago, orokorrean kirolarekin lotutako jarduerak eta ekintzak, bizipen positiboak direlako, beraz horiek euskararekin baina batez ere euskaraz uztartzea lortuko bagenitu, ume zein gazteei euskaraz bizitzeko erreferente positibo gehiago eskainiko genizkieke, jadanik beste esparru batzuk (eskola, aisialdia…) eskaintzen dutenari gehituz.

Eta hortik doa, gaur egun, kirolak, eta gure kasuan DRTk duen erronka nagusietako bat da, nola lortu gure eskaintza benetan euskaraz eta eraginkorra izatea euskararen normalizazio eta finkatze prozesu honetan. Hor dugu hurrengo urteetan landu beharreko esparrua, eta dudarik gabe kirol elkarteek erakundeak, gure kasuan federazioa, udala eta aldundia; bidelagun izan beharko ditugu prestakuntza zein baliabideak ahalbidetuz, hasitako bide hau benetan eragingarria izan dadin.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!