Munduko Koparen ajeak

Amaitu berria den Munduko Errugbi Kopak une gozo ugari eta gogoan izateko irudi anitz utzi dizkigu. Alde batetik, frantziarrek erakutsi digute gauzak patxadaz egiteko gaitasuna dutela. Antolakuntza txukuna, zelaiak bete beterik partida gehienetan, eta hori gutxi balitz eguraldia alde izan dute, beraz hobetzeko zerbait aipatzekotan zelai barruan zein fan-zonetan garagardoen prezio altua aipatuko nuke, baina hori beste kontu bat da.

Bestetik, zale eta ikusleen jarrera azpimarratu beharko genuke. Istilurik ez dira egon, zelai barruan zein kanpoan adiskidetasuna eta giro ona nagusi izan dira; ohikoa izan da zaleak nahasturik ikustea elkarrizketa lasaietan murgildurik, eta askotan abesten ere.

Nire aburuz txapelketa honek hego hemisferioko taldeen nagusitasuna islatu du. Txapeldun bi izan dira nire ustetan. Hegoafrikak Munduko Kopa irabazi du talde sendo eta gogorra izateaz gain, txapelduna izateko zortea ere izan duelako. Zergatik diot hau? Frantzia, Ingalaterra eta Zeelanda Berria garaitzeko izan dira, eta gutxi balitz partida guztietan puntu bakarreko aldea izan dute markagailuan. Ez da erreza izaten kontuak hain estu doazenean txanpona zure alde erortzea beti baina hegoafrikarrek alde izan dute haizea eta txapeldunak izatea berrestu dute.

Bigarren txapelduna, nahiz eta finalean puntu bakarra bategatik galdu Zeelanda Berria izan dela uste dut. Ez ziren faborito argiak baina erakutsitako jokoa une askotan zoragarria izan da, mele zein lerroan aritu diren jokalari guztiek beti aurrera begira jokatu dute, lagunak beti bilatu nahian eta zirrikituren bat topatuz gero marka lerroaren bila abiatu dira. Lastima bi irabazle egon ezin diren. Belaunaldi bateko jokalari handiak badoaz, besteak beste Sam Whitelock, Aaron Smith, Dana Coles, Brodie Retallick…

Txapeldunak ez dira izan baina fijitarrek zapore gozoa utzi digute. Joko arina, alaia batez ere erasoan, baina defentsan gogor eta plakatzerako orduan sekulan ez dute amorerik eman. Estu jarri zizkioten kontuak ingelesei final laurdenetan. Aipatu beharrekoa da Portugalek erakutsitako maila, partidak era txukunean landu dituzte, arerioak zailtasunetan jarriz eta horren lekuko Georgiaren aurka berdindutako partida, eta Fijiri irabazitakoa, ibilbide ederra egin dute.

Ingalaterra eta Argentinak pareko ibilbideak egin dituzte. Inork ez zituen faboritoen artean kokatzen, aurrekariak ez zirelako batere baikorrak, prestaketa partidetan zalantza ugari erakutsi baitzituzten, baina zozketak beraien ibilaldia samurtu zuen eta finalerdietan sartzea lortu ere. Ingalaterrak ia eskuan izan zuen finalera heltzea, eta Argentinak era argian galdu zuen Zeelanda Berriaren aurka. Hala ere, bi talde hauek badakite errugbi alaiagoa eta zuzenagoa jokatzen eta hausnarketa sakona egin beharko luketela uste dut.

Porrot nabariena Irlanda eta Frantziarena izan da. Irletako taldeak itxaropentsu heldu zen Munduko Kopa honetara, taldeen sailkapenean munduko lehena genuen, jokatzeko era ezaguna zuten eta jokalari askorentzat (Jhonny Sexton, Peter O´Mahony…) Munduko Kopa baten zerbait egiteko azken aukera zen. Baina berriz ere Final Laurdenetan kale egin zuten eta beraien amets guztiak ezerezean gelditu ziren.

Antzeko zerbait gertatu zaie anfitrioiei, ia dena zuten beraien alde; etxean jokatzen zuten, denbora eta baliabide guztiak izan dituzte talde sendoa eta indartsua osatzeko, eta horrela zen benetan. Baina bidean topatu zuten Hegoafrika, eta duela lau urte txapeldunak izan zirenek ez zuten huts egin frantziar zaletuen zoritxarrerako. Itxaropen handiak zituzten behingoz Munduko Kopa lortuko zutela, baina hegoafrikarren mele ahaltsuak eta Handré Pollarden ostikoak larregi izan ziren Fabien Galthiérek zuzendutako taldearentzat, eta saminez beterik joan behar izan zuten txapelketatik.

Bukatzeko epaileen inguruan pare bat gauza esan nahiko nuke. Lehenengoa, ia kirol guztietan gertatzen da, maila bera ez duten taldeetako partidetan epaileek beti edo ia beti talde indartsuaren alde egiten dute, hor jarriko nituzke hego hemisferioko lau talde indartsuenak eta ipar hemisferioko VI nazio txapelketan jokatzen dutenek. Jokoan zalantza txikiren bat izan denean beraien alde egin dutela uste baitut, mele, entsegu eta hainbat jokalditan.

Maila bereko taldeak izan direnean uste dut epaileen lana orekatuagoa izan dela, eta hartutako erabakiak ez direla okerrak izan, adibidez finalean zigorra hiru kasuetan txartel horia ateratzea izan zen. Baina, eta beti dago bainaren bat, TMO arduradunek (futbol kasuan VAR litzateke) uste dut ez dutela asmatu, eta askotan gertatzen ari da, antzeko kasuetan batzuetan txartel horia da, eta beste batzuetan gorria. Halaxe izan zen Sam Cane eta Siya Kolisiren kasuetan, eta erabaki horrek finala guztiz baldintzatu zuen. Beraz hurrengo urtetara begira badute irizpideak bateratu beharra, ikuskizunaren mesederako izango baita.

Bukatzeko, gutxiago falta zaigu hurrengo Munduko Koparako, Australian jokatuko dena 2027. urtean. Lau urte ditugu aurretik aurrezten joateko, dudarik gabe ikuskizuna itzela izango da eta bertan izateko gogorik ez zaigu falta errugbi zaleei.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!