Ezustekoen zain!

1983 urtean Barricada taldeak Esta es una noche de Rock and Roll diskoa argitaratu zuen, eta 40 urte pasa diren arren El Drogasek egindako bira zoragarriak askoren ahotan jarritu ditu berriz ere sasoiko abesti ugari. Errugbi zaleok Rock and Rollaz gozatzeko aukera dugu irailaren 8tik urriaren 28ra bitartean. Rock and Rolla zergatik? Munduko Errugbi Kopa martxan delako, honako honetan Frantzian jokatzen ari dena.

Aditu askoren ustez, hiru talde dira faboritoen artean. Alde batetik, Frantzia. Anfitrioia izateaz gain, talde sendoa eta goi mailako jokalari ugari dituelako, besteak beste Dupont. Talde berean ariko den Maxime Luku izango da parte hartuko duen euskal jokalari bakarra. “Les Blues”ek hasiera bikaina eman zioten txapelketari, lehen partidan All Blacks taldea Parisen mendean hartuz. Hala ere, bigarren partidan kostatu zitzaien Uruguai garaitzea.

Bigarren faborito nagusia Irlanda daukagu. Hiru bat urte daramatzate irlandarrek goi mailako jokoa erakutsiz, talde sendoa osotu dute eskarmentu handiko jokalariekin. Hasierako bi partidak aise irabazi dituzte, baina beraien benetako maila zein den egiaztatzeko aurkari gogorra izango dute larunbata honetan, Hegoafrika hain zuzen ere, adituen ustez hirugarren faborito nagusia. Hego hemisferiokoak indartsu daude, azken prestaketa partidan Zeelanda Berria ondo garaitu ondoren, animoa hodeien artean dute. Larunbatean ikusiko dugu, nor den benetan txapelketa irabazteko hautagaia.

Ezustekoak ere izan dira, agian deigarriena Fijik eman zuen Australia mendean hartuta, baina Galesen aurkako norgehiagokan azken segundo arte irabazteko purian purian egon ziren. Partida zuzenean ikusteko parada izan nuen, eta erakutsitako grina, gogoa eta joko ikusgarri eta zuzenak ikusleak liluratu zituen. Ezusteko gehiago emango dutela ziur nago.

Ingalaterra buru makur zetorren Frantziara, prestaketa partidak ez ziren onak izan, porrot ugari, deigarriena Twickenhamen Fijin aurka jasotakoa; baina estreinako partidan hasiera hasieratik jokalari bat gutxiagorekin aritu arren, Argentina menderatu ostean, beste itxura bat emateko gai izan erakutsi dute, beraz kontuz beraiekin. Argentinarrak noraezean dabiltza, joko estilo argirik ez da ikusten beraien partidetan, eta horren ondorioz sasoi batean erakutsi zuten dirdira amatatzen joan zaie, errotik aldatu beharko dute txapelketa honetan zerbait deigarria egin ahal izateko, saskirako zumeak badituztelako.

Ezkutuan daukagu Zeelanda Berria. Lehen aldiz porrotarekin hasi dute Munduko Txapelketa, baina nire ustetan jokalari itzelak ditu, uda baino arinago sasoi betean zeuden, sekulako maila eman zuten hego hemisferioko Rugby Championship delakoan, beraz adi egon beharko dute faborito nagusiek, nire ustetan ezustekoa eman eta Webb Ellis Cup laugarren aldiz eskuratu dezakete .

Ezustekoak ere epailen eskuetan egon daitezke. Azken urteetan arau ugari aldatu dira jokalarien segurtasunaren mesederako, baina kirol gehienetan gertatzen den moduan teknologia lagungarria bada ere, gizakion edo epaileen ikuspuntu ezberdinek baldintzatu dezakete norgehiagoka bat baino gehiago. Kasurako, batentzat txartel horia besterik ez dena beste batzuentzat gorria izan daiteke, partida orekatua zena guztiz baldintzatuz. Eta hau ere jokoaren alde garrantzitsua bilakatu da, beraz ea fin aritzen diren jokalariak zein epaileak.

Argi dago, rock and roll arratsalde eta gau ugari ditugula oraindik aurretik. Urriaren 28an ikusiko dugu txapela nork jartzen duen, eta nire iragarpenak zuzenak edo okerrak izan diren! Bitartean, Queen taldeak zioen bezala Show Must Go On, eta gozatu ikuskizunaz!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!