Errugbiaren historian hainbat izan dira nabarmendu diren taldeak baina gaurkoan 50 urte atzera eginez, 70. hamarkadaren inguruan Dragoiaren XVak erakutsitako nagusitasuna zehazten ahaleginduko naiz. 1969-1979 tartea Hamarkada Gorritzat ezagutzen da errugbian, sasoi horretan eta aditu askoren ustez, historiako talderik onena jokatu zuelako.
Hamarkada horretan talde gorriak bi etapa bizi izan zituen, lehenengoa 1969-72 artekoa, eta 1975-79 artekoa bigarrena. Tarte horretan V Nazioetako txapelketa 9 aldiz lortu zuten, horietatik hirutan Grand Slama eskuratu zuten (1971, 1976 eta 1978) partida guztiak irabaziz, eta horri sei Koroa Hirukoitza gehitu behar zaizkio (britainiar talde guztiak garaitzeagatik).
Diotenez talde mitikoaren hasiera 1967ko azaroaren 11n gertatu zen. Egun horretan lehen aldiz Gareth Owen Edwards eta Barry Johnek elkar jokatu zuten Zeelanda Berriaren aurka lehiatzeko. Edwardsek abiadura eta ausardia hartzen zituen, Johnek aldiz adimena eta harropuzkeria. Historiako uztartze-erdilari eta joko zabaltzaile onenak beraiek izan dira askoren ustez. Garethek beti aurkitzen zuen atea ihes egiteko, tartean bizi zen, eta horren lekuko 53 partidatan lortutako 20 entseguak, horien artean ezagunenak Eskoziari 72an egindakoa edo Barbariansen aurka 73an egindako arte lana, oraindik telebista zuri beltzean ikusten zenean. Johnek beste itxura bat zuen, pop izarra ematen zuen, ilea ondo zainduta, gerri gezurtia edozein arerio engainatzeko modukoa, eta batez ere ostiko paregabea, baloia 40-50 metrora nahi zuen tokian jartzeko modukoa.
Denborak aurrera egin ahala, beste izen mitiko batzuk taldean sartu ziren, hala nola Mervyn Davies, Merv The Serve izengoitiarekin ezaguna. Atzelari gogorra, langilea eta oso ona touch-ean. Baina Galesek zerbait bazuen joko sortzaile eta arina zen, batez ere hiru laurdenetan eta sasoi horretan nabarmendu ziren JPR Williams, Gerald Dawies eta JJ Williams eta John Dawes.
JPR Williamsek sasoian modan zeuden patilla handiak zituen, gaztetan Wimbledon txapelduna izandakoak abiadura eta trebezia ikaragarria zuen edozein zirrikituetatik sartzeko. Dawies eta Williamsek sasoiko jokalari azkarrenak ziren, eta John Dawesek pasean timming handia zuen taldekideak hobetzen zituela. Sasoiko kronikek argi uzten dute halako talderik ez dela inoiz egon, zelai batean gogoratzen den eskuari jokorik onena beraiek eskaini baitzuten, eta sasoiko kazetari batzuk Cardiffeko Sinfonikoa ezizena jarri zioten talde honi, beraien joko ikusgarriari erreferentzia eginez.
Talde honen nagusitasuna 1971. urtean zabaldu zen, Lions taldeak urte berean Zelanda Berrian egindako biran. Aulkitik taldea gidatzeko Carwyn James izendatu zuten. Galestarrak bazuen lelo berezia : “errugbian edonondik erasotzen da”. Ordura arte ez zuten inoiz lortu All Blacksak mendean hartzea, baina bira horretan birritan garaitu zituzten, baten galdu eta beste batean berdindu. Azpimarratzekoa da Barry Johnek 46 puntuetatik 30 gauzatu zituela. Lionsen 14 laurdenetatik zortzi galestarrak ziren. Bira horrek baieztatu zuen Johnek, esku itzela izateaz gain, oin milimetrikoa zuela.
Lehenengo partidan Lions taldean nagusitu zen, zeelanda berrikoek “gehiegizko konfidantza” aipatu zuten porrota zuritzeko. Bigarrenean etxekoak 22-12 nagusitu ziren, ondorioz hirugarren partidak sekulako ikusmina sortu zuen, bai hego hemisferioan zein Britainia Handia osoan. 75 urte zeramatzaten Zeelanda Berrikoek etxean halako bira bat galdu barik. Telebistaren aurrean milioika pertsona elkartu ziren, errekorra arriskuan baitzegoen. Barry Johnen erakustaldia itzela izan zen, entsegu bat, bi gauzaketa eta drop bat, bukaeran 3-13 kanpokoen alde, eta John partidako erregea.
Azken partida 14-14 bukatu zen, JPR Williamsek 45 metrotik gauzatutako drop batek britainiarren porrota saihestu eta Lionsen garaipena berretsi zuen. Galestarren joko ikusgarria garaile itzuli zen Zeelanda Berritik, All Blacksak lehen aldiz mendean hartuz.
Udan sartuta gaudela eta halako istorio gehiago ezagutzeko gogoarekin geratu bazarete, liburu ederra da Fermin De La Calleren Con Fina Desobediencia, errugbiaren Historiari errepaso bitxia, arina eta entretenigarria ematen baitio.