Europan industrializazioarekin batera footballa eta errugbi-footballa sortu ziren. Hasiera batean biak era nahiko nahasian jokatzen ziren, sasoian ere izen berezia zuen “Erdi-aroko ingeles-football”a, eta oso kirol zabaldua eta ezaguna zen Ingalaterran. Baina 1863. urtean Ingalaterrako Football Asociation delakoak bi arau berri sartu zituen: lehenengoa, bakarrik hankarekin jokatzearen derrigortasuna eta, bigarrena, aurkaria ebatu, oztopatu eta lurrera botatzeko debekua. Honek elkartearen barruan zatiketa ekarri zuen, eta geroago Footbal Rugby Union sortuko zuten eskolek zein taldeek batzarretik altxatu eta beste bide bat jarraitu zuten, kirol hau bitan bananduz, eta kirol berriari Rugby izena jarriz.
Ez dago argi noiztik datorren errugbi partidetan zein hirugarren denboran garagardoa edateko ohitura, baina ziurrenik industrializazioak ekarritako ohitura berriekin izango du lotura. Aldaketa ugari ekarri baitzituen ohituretan zein aisialdia kudeatzeko tarteetan. Sasoikoa da ere, gaur eguneko PUBen sorrera, hasiera batean “public house”ak, non zerbait jateaz gain, garagardoa zein ginebra edan zitekeen. Horrekin batera, industrializazioak ere aldaketa nabariak ekarri zituen garagardoa ekoizteko teknikan eta produkzioan, botilaratzen hasi ziren, eta pub delakoak jendea elkartzeko topaguneak bihurtu ziren.
Errugbiak bereak egin zituen halako ohitura batzuk, hala nola partidaren bukaeran aurkari zein epailearekin garagardo bat hartzeko ohitura, partidaren inguruko bitxikeriak, txarto ulertuak zein ika-mikak partekatzeko zein argitzeko parada; baina batez ere lagunak egiteko abagune paregabea.
Zaletuentzat ere aitzaki paregabea izaten da errugbi partida, garagardoa hartzeaz gain, aurkarien zaletuekin hitz egiteko, zein askotan beraiekin elkarrekin aritzeko. Ohiko argazkia izaten da partida aurretik zaleak elkarrekin ikustea, eta hori da nire ustez garagardoak gure kirolari ematen dion balio erantsia, adiskidetasuna sustatzeko eta solasaldiak izateko aukera paregabea.