Errugbia maite dugunontzat sekulako kolpea izan da, ez bakarrik nazioarteko lehiaketa handienetik kanporatuak izateagatik. Gogorrena edo tristeena da ardura dutenek oraingoan ere mailarik ez dutela eman, eta momentuz inork ez duela bere gain hartu egindako akats erraldoia. Kaltetu handienak, dudarik gabe, zelaian txartela irabazi duten jokalariak izan dira. Lau urte luzez topera aritu dira, ametsa errealitate bihurtzeko, baina bulegoetan egindako hanka sartzeak Munduko Kopatik at utzi ditu.
Arduragabekeriak kolokan jartzen ditu beste hainbat kontu; alde batetik errugbiaren sinesgarritasuna, hau da, komunikabideetan zaila bada berez agertzea, errugbiaren inguruko berriak halakoak badira jai daukagu; bestetik errugbiak zeraman hazkundea, azken urteetan talde berriak sortu eta jokalarien fitxak ugaldu dira, ikusgarritasuna lortzen ari zen, etorkizunari begira gertatutakoak ez dio mesede handirik egingo. Beraz, argi dago kontu, jarrera eta pertsona ugari aldatu behar ditugula errugbian.
Gazi zaporea aldatzeko, larunbat honetan, maiatzak 21, Madrilgo Wanda Metropolitano Estadioan aurreneko aldiz Zeelanda Berriko Classic All Blacks taldea jasoko du Espainiako selekzioak. Pandemia zela eta, partida hau bi urtez atzeratu behar izan dute.
Zeelanda Berriko izar-ohien taldea osatzen duten 19 jokalariak, Tana Umaga kapitain ohiaren zuzendaritzapean, hauek dira: Corey Flynn, Nathan Harris, Jarrad Hoeata, Nick Crosswell, Daniel Ramsay, Chris Masoe, Jerome Kaino, Luke Braid, Alby Matthewson, Stephen Donald, Mike Delany, Conrad Smith, Rudi Wulf, San Tuitupou, Luke McAlister, Hosea Gear, Andre Taylor eta Rico Gear. Batzuk All Balcks eta Munduko txapeldunak izandakoak. Aurrean Santiago Santos hautatzaileak sailkapen fasean erabilitako 29 jokalari. Ikuskizuna ederra izan daiteke, eta errugbizaleak asetzeko aukera paregabea, hori bai hidratazio gogoan izan beharko dugu, partida ordurako, gaueko 20,45ak 30 gradu inguru iragarrita daude. Sapuzaharrak berton egongo gara!