24 urteren ostean, Munduko Kopara

24 urte itxaron behar izan dute Munduko Kopan berriz aritzeko. Aurreko igandean Portugal mendean hartu ondoren Espainiako gizonezkoen errugbi selekzioak txartela lortu zuen datorren urtean Frantzian jokatuko den Errugby Mundu Koparako. Lehoien XVak agerraldi bakarra izan du Munduko Kopa batean, 1999. urtean hain zuzen ere, Walesen jokatutako txapelketan.

Urte horretako edizioan, Espainiak, jokatutako hiru partidak galdu egin zuen, Uruguairen (27-15), Hegoafrikaren (47-3) eta Eskoziaren (48-0) aurka. Bertan jokalari euskaldun ugari aritu ziren, besteak beste, Oscar Astarloa elorriarra, Aratz Gallastegi, Fran Puertas eta Aitor Etxeberria. Talde horretan ere jokalari ezagun asko zeuden: Albert Malo, kapitain lanetan, Diego Zarzosa, Andrei Kovalenko, Carlos Souto, Tikki Intxausti etab…

Zozketak ekarri du aurkari horietako bi, berriz ere espainiarren multzoan egotea: Hegoafrika eta Eskozia. Aurreneko partida Bordelen izango da Irailaren 9an, larunbata, Irlandaren aurka. Hegoafrikaren aurka jokatuko dute beraien bigarren partida, Bordelen ere, irailaren 17an, igandea; Eskoziaren aurka neurtuko ditu indarrak irailaren 30ean,larunbata, Lilleko Pierre Mauroy estadioan, eta multzoen faseari emango diote bukaera urriaren 8an, Asia/Pazifiko zonaldeko lehenengoaren aurka.

Portugalen aurkako partida, bizia eta oso parekatua izan zen hasiera hasieratik, baina hartutako abantaila mantentzeko gai izan ziren. Santi Santosek zuzentzen duen taldeak ez zion Georgiak larunbatean Errumaniaren aurka lortutako garaipenarekin eskaini zion aukerari ihes egiten utzi.

Bide malkartsua izan da lehoiena, ibilbidean harri koskor ugari izan dituzte. Gogoratzea besterik ez hasierako hiru partidetan 2021. urteko martxoan Georgia, Errumania eta Portugalen elkarren segidako hiru porrot kateatu ondoren, inor gutxik espero zuen Santi Santosek zuzendutako hamabostekoak gora egin zezakeenik, Frantziarako txartela eskuratuz. Baina ordutik hona 6 garaipen lortu dituzte, bata bestearen atzetik, eta horrekin Munduko Koparako saria eskuratu dute.

Non egon da gakoa? Azken ediziotarako sailkapen fasean oso gertakizun desatseginak izan ziren, gorrien sailkapena oztopatu zutenak. Gertatutakoa
zuzentzeko Federazioak plan berezia eratu zuen. Bertan talde misto bat sortu zen, jatorri nazionaleko jokalariak eta arbaso espainiarrak zituzten jokalari frantziarrak uztartu ziren. Gehienak Frantziako bigarren eta hirugarren mailatan aritzen zirenak, besteak beste Baionako Aviron taldeko Guillaume Rouet eta Manuel Ordás. Batzuk ez dute begi onez ikusi estrategia hau, baina argi dago taldearen maila igotzea ekarri duela.

Aurten ere, emakumezkoen taldeak Europako Txapelketa irabazi du 9. aldiz. Otsailaren 22an jokatutako norgehiagokan, Jose Antonio Barriok zuzentzen duen taldeak aise irabazi zuen Errusiaren aurka, azken emaitza oso esanguratsua da 27-0. Ziklo baten bukaera dela esaten dute, eta entrenatzailearen agurrarekin batera hainbat jokalari nazioarteko ibilbideari bukaera eman diote. Belaunaldi berri bat dugu ate joka, jokalari gazte eta indartsuekin, beraz ematen du etorkizuna bideratuta dagoela.

Txapelketa honek eta Munduko Kopan parte hartzeak onura handiak ekar ditzake, errugbi agintariak ondo kudeatzeko gai badira. Hau da, ikusgarritasunak, komunikabideetan agertzeak zale eta praktikarien kopurua igo dezake esponentzialki, eta horrek ekar dezake errugbiaren garapena eta hedapena estatu mailan. Azken urteetan fitxa zenbakietan gorakada nabarmena egon den arren, gizonezkoen zein emakumezkoen mailetan, selekzioek ez dute aupadatxo hori lortu eta onenen artean sartu. Hemendik eta Munduko Koparen hitzorduarte urte bete pasatxo gelditzen zaigu,
eta tempus horren kudeaketa egokiak ekar dezake errugbizale guztiok espero dugun eztanda.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!