Hasteko, egungo txapeldunarekin hasiko naiz, Galesekin. Iaz lau garaipen lortu zituen eta porrot bakarra izan zuen. Momentu honetan, eta udazkenean erakutsitako maila mantenduko balu (Australia garaitzea lortu zuen) aukerak izan ditzake iazko garaipena berresteko edo behintzat gertu egoteko.
Frantzia da niretzat faborito nagusia. Fabien Galthie talde indartsua osatzen ari da, helburua datorren urtean du finkatuta: Mundiala izango dugu jokoan, eta oilarraren lurraldea izango da antolatzailea. Antoine Dupont dugu talde honetako izar nagusia, 2021. urteko munduko jokalaririk onena izendatu berria; bera izango da kapitaina, Olivon lesionaturik baitago.
Irlanda ere indartsu dator. Azaroan, historian bigarren aldiz, All Blacks taldea mendean hartu zuen, sekulako indarra eta abiadura erakutsiz, eta hau gutxi balitz aste bete geroago Argentinari sekulako jipoia eman zion. Kontran dute, partidarik gogorrenak, Ingalaterra zein Frantziaren aurkakoak, etxetik at jokatuko dituztela.
Eddie Jonesek urte batzuk daramatza Ingalaterrako entrenatzaile lanetan. Joko estilo gogorra eta sendoa ezarri du, dena lotuta du eta inprobisaziorako tarte gutxi uzten du, nahiz eta jokalari trebe eta iaioak izan. Azaroan prestigio handiko garaipenak lortu zituen.
Bukatzeko, Eskozia dugu. Karduaren XVk goranzko joera erakutsi du azken urteetan, baina joera hori berrestea falta zaio. Maila handiko jokalariak ditu: Finn Russell eta Stuart Hogg dira izar nagusiak. Hobetzekotan, agian, maila bereko ordezkoak izatea. Beraz, itxuraz behintzat, azken urteetako txapelketarik parekatuena daukagu.